Sanson probako ibilbidea txukundu dute auzolanean
Behin-behineko egutegiaren arabera, aurten Segura-Zerain mendi lasterketa maiatzaren 7an izango da. Ibilbidea txukuntzeko lanak egin ditu Oamendi Kirol Klubak Zeraingo mendietan.

Zeraingo Oamendi Kirol Klubak eta Segurako Kirol Elkarteak antolatutako Segura-Zerain mendi lasterketa maiatzaren 7an izango da Goierri Trail Kopako behin-behineko egutegiaren arabera. Bi urteko etenaren ondoren, aurten berriz ere helduko diote Sanson probari. Dagoeneko prestaketa lanetan hasi dira antolatzaileak. Oamendi Kirol Klubak deituta, lasterketako ibilbidea txukundu dute auzolanean asteburuan, Zeraingo mendietan. Herri bide zaharrak berreskuratu eta txukundu dituzte Zeraingo Udalak utzitako erremintekin, ibilbidean txertatzeko.
2019an ospatu zen proba azkenekoz, 2020an eta 2021ean bertan behera geratu baitzen covid-19ak eragindako egoeragatik. Aurtengoa Goierri Trail Kopa 2022ko laugarren lasterketa izango da. Martxoaren 6an hasiko da Goierri Trail Kopa ondo bidean, Urretxu-Zumarragako UZ Trail probarekin.