Segurako Txirrindulari Elkarteko kide ohiak omendu dituzte
45 urtez lanean ibili ondoren, belaunaldi aldaketa izan da zuzendaritzan, eta herriko 13 lagunek osatutako lantaldeak hartu du ardura.

45 urtez lanean ibili diren Segurako Txirrindulari Elkarteko kide ohiak omendu dituzte larunbatean Segurako udaletxe atarian. Belaunaldi aldaketa izan du 2022 urte hasiera honetan elkarteak. Orain arte lasterketak antolatzen ibili den lantaldeak kargua utzi du eta eta herriko 13 lagunek osatutako taldeak hartu du zuzendaritzaren ardura. Urtero txirrindulari elkarteak egin ohi duen bazkaria aprobetxatuz, herriagatik eta txirrindularitzagatik egindako lana eskertzeko egin diete omenaldia Segurako Udalak eta elkarteko kide berriek.
Sei kide beterano omendu dituzte: Juan Mari Gereñu, Jexux Gereñu, Juan Mari Oiarbide, Iñaki Telleria, Iñaki Ugalde eta Jabier Arostegi. Txistulariek jotako Segurako Alboradaren doinuez lagunduta eta elkartekideek bizikleten gurpilekin egindako arkuaren azpitik pasata iritsi dira udaletxera. Izarra Urdalleta Segurako alkateak “herriaren izena zabaltzeagatik” egindako lana eskertu die, eta ondoren, Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioko lehendakariak, Juanjo Gozalok, oroigarri bana eman die. Alkateak eta talde berriko bost kidek txapela jantzi diete beteranoei, eta ekitaldia amaitzeko, Jon Iturriotz bertsolariak omenaldirako sortutako bertsoa abestu du.
1977an sortu zuten Segurako Txirrindulari Elkartea kide ohiek. Sorreran Joxe Agirre, Pablo Gereñu eta Jose Mari Gereñu ere izan zituzten bidelagun. Talde berria lanean hasi da dagoeneko. Aurten Seguran sei txirrindulari proba antolatzea aurreikusi dute. Lehena martxoaren 26an izango da. Kadete, junior eta elite mailetako emakumezkoen probak jokatuko dira.