Babes Zibil zerbitzuan 10 urtez
Ordiziako Iker Arizmedik, Iñaki Lariok eta Iker Kortak 10 urte daramatzate herriko Babes Zibil taldean laguntza ematen. Egindako lanaren aitortza jaso dute asteburuan.
Datorren urtean 20 urte beteko ditu Ordiziako Babes Zibileko taldeak. Zerbitzu horren helburua, pertsona eta ondasunen babesa bermatzea da, arrisku kolektibo handiko, hondamen publikoko egoeran daudenean eta jendearen segurtasuna eta bizia arriskuan egon litekeenean; era berean, oinarrizko zerbitzuen eta ohiko funtzionamenduaren eta bere metropoli-ingurunean eragina izan dezaketen arrisku naturalak eta teknologikoak minizatzea ere helburu du.
Gurasoek egiten zuten lanari jarraiki, 15-16 urte zituztela, sartu ziren Babes Zibil taldean Iñaki Lario, Iker Korta eta Iker Arizmendi. Larunbatean 10 urteko jardunaren eskertzako diploma jaso zuten hiru ordiziarrek.
Arizmendiren esanetan, aitaren bidea jarraituz –Joxe Arzimendi– hasi zen boluntariotzan. «Berak sortu zuen taldea eta txikitatik ikusi izan dut aita laguntzen ibiltzen zela. Iñaki Lario ere berdin. Iker Korta bizilaguna da eta bera ere animatu egin zen».
Euren denbora librean, Ordiziako erakunde desberdinei laguntza ematen die. Mendi martxatan DYArekin batera, trafikoan, udaltzaingoari laguntzen, txirrindulari karreretan…. Bestalde, «larrialdi taldean sartuta gaude eta edozein larrialdi dela, gu laguntzeko prest izaten gara beti».
COVIDak eragindako osasun larrialdian ere lan asko egin zuten Babes zibilekoek: «Urdanetako ikasleek ordenagailuak jartzen, medikuentzat karetak jaso eta bidaltzen…».
Hori bai, azken urteetan, gehitu zaie lan bat: liztor asiarren kabiak kentzea.
Gaur egun, Babes Zibileko taldean sartzeko formazio ikastaro bat egin behar da Arkauten, Polizia eta Larrialdi akademian. Orain gehiago dago araututa eta ikastaro bat egin behar da, oinarrizko formazio bat edukitzeko emergentzi egoera batean. Online da eta azterketa egitera bakarrik joaten da. Ikastaro egin duten bi gazte sartu dira orain taldean».
10 urteko diploma
112ren Europako Egunean Arkauteko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren egoitzan ekitaldia egiten da, babes zibilaren arloko boluntarioek eta taldeek egindako lana aitortzeko. Lario, Korta eta Arizmendik 10 urteko jardunaren diploma jaso zuten Josu Erkoreka lehenengo lehendakariordearen eta Segurtasuneko sailburuaren, Rodrigo Gartzia Segurtasuneko sailburuordearen eta Fernando Izagirre Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendariaren eskutik.
Ordiziako Udalak ere eskerrak eman die hiru herritar boluntarioei: «Eskerrik asko eskaintzen duzuen zerbitzuagatik eta zorionak egindako ibilbideagatik!».