Energia kultura berrirako bidean jarri dira Goierri garaiko lau udalerriak
Aste honetan abiatuko dute kanpaina berri bat, informazioan, sentsibilzazioan eta formakuntzan oinarrituta .Dir-dir bonbila berritsua izango da gidaria.
Ostirala Energiaren Nazioarteko Eguna zela baliatuz, Urola Garaian kultur energetiko berri bat denon artean konektatzen ekimena aurkeztu zuten Ezkio-Itsaso, Legazpi, Urretxu eta Zumarragako udalek, Uggasarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumena eta Obra Hidraulikoak departamentuarekin batera.
Urola Garaia Mankomunitatea osatzen duten lau udalek energia eredu berri baterako bideari bultzada eman nahi diote horrela. Urola Garaiko Energia Planaren ekintzekin lerrokatzen da ekimena. Aste honetan hasiko dute kanpaina berria.
Tokiko planak
Ekimen berri honen harira, Asensio diputatuak energiaren alorrean tokiko ekintza planek duten garrantzia aipatu du, «gure helburua Gipuzkoako eskualde guztiek tokiko ekintza planak gauzatzea da, lurraldearen jasangarritasun energetikorantz aurrera egiteko». Horretarako, estrategia amankomun bat ezinbestekoa dela nabarmendu du, «Gipuzkoako gizartearen pobrezia energetikoa murriztu eta prebenitzeko, mendekotasun energetikoa txikiagotzeko eta CO2 emisioen maila gero eta baxuagoak lortzeko».
Energiaren alde lan egiteak «maila guztietako onurak» ekartzen dituela ere gehitu du, eta horiek onura sozialak, ingurumenekoak eta ekonomikoak direla zehaztu du.
Hiru ardatzeko ekimena
Uggasaren lehendakari Jon Luquik, bestalde, «energiaren erabilera jasangarriaz kontzientzia hartzeko» deia egitearekin batera, Urola Garaian kultur energetiko berri bat denon artean konektatzen ekimena hiru ardatzetan oinarritzen dela azaldu du. Informazioa, sentsibilizazioa eta formakuntza dira hiru ardatz horiek.
Energia sortzeko eta kontsumitzeko moduaz «hausnartzera eta aldaketaren beharraz konturatzera» bultzatu nahi dituzte herritarrak, eta horretarako, elkarlanean diharduten eragileak eta egiten duten lana ezagutaraztea izango da lehen urratsa. Dir-dir izeneko bonbilla berritsua izango da gidaria, eta horren eskutik abiatuko da «kultura energetiko berrirako bidea». Informazioa herritarrei helarazteaz arduratuko da batez ere Dir-dir.
Gero sentsibilizazioaren atala irekiko dute. «Energia sistemak trantsizio prozesu bat hasi du energia sortzeko eta kontsumitzeko modu berri baterantz», eta horregatik, energiari buruzko interesa piztea nahi dute.
Hori guztia osatzeko, formakuntzari ere egingo diote tokia, eta, besteak beste, aldundiak eskainitako tailerrak, hitzaldiak, bideo tutorialak edo gidak emango dituzte ezagutzera.
Amaitzeko, «energia kultura berrirako bidean, herritarrak prozesuaren parte izatea eta eskualdearen baldintzetara egokitutako ikuspegi eta irtenbideak definitzea giltzarriak» izango direla nabarmendu du Luquik.