Pandemiaren kalte ekonomikoak arintzeko, udalaren 210.938 euro
Herriko merkataritza, ostalaritza eta enpresa txikiak izan dira onuradunak. Bost programen bidez banatu ditu diru laguntzak. On Egin, 3 K edo Euskadi Bono Denda izan dira kanaletako hiru
Herriko merkataritzan, ostalaritzan eta enpresa txikien alorrean pandemiak eragindako kalte ekonomikoak arintzeko, 210.938 euroko diru laguntzak eman zituen Legazpiko Udalak 2021ean zehar. Erik Galvez zinegotziak azaldu ditu diru horren banaketaren xehetasunak.
Galvezek zehaztu duenez, 169 saltokiri, eta ostalaritza eta zerbitzu enpresa txikiri iritsi zitzaizkien udalaren diru laguntza horiek, bost programa desberdinen bitartez.
Bost programa
On Egin bonuak izan dira diru laguntzak banatzeko udalak erabilitako kanaletako bat. Ostalaritzako kontsumoa dinamizatzeko helburua zuten bonu horiek, eta 18.000 euroko partida zuten. 18 jarduerek jaso zuten laguntza mota hori.
Ostalaritza eta turismo sektoreetan jardueraren gastu finkoei aurre egiteko laguntzetan 86.473 euro banatu zituen udalak, eta 39 onuradun izan zituzten.
Herriko merkataritzan eta zerbitzuetan erosketak dinamizatzeko 3K bonuekin, bestetik, 39.165 euro banatu zituen 59 onuradunen artean.
Enpresa txiki eta ertainen lehiakortasuna hobetzeko eta tokiko merkataritza biziberritzeko laguntzak ere izan ziren. Inbertsioak egiten laguntzea zuten helburutzat, eta 50 jarduera izan ziren onuradunak. Atal honetarako 50.000 euroko partida jarri zuen udalak.
Azkenik, Eusko Jaurlaritzako Merkataritza Sailak bultzatuta gauzatu zen Euskadi Bono Denda kanpainari ere bere ekarpena egin zion udalak, Legazpiko saltokiek bonu gehiago izan zitzaten. Bonu gehigarrietarako 17.300 euro jarri zituen, eta 24 denda baliatu ziren laguntza horretaz.
Beste gastu batzuk
Guztira, Legazpiko Udalak 210.938 euroko banatu zituen, 169 eskaerei erantzunez. Baina kopuru horri beste gastu batzuk ere erantsi behar zaizkio, kanpaina bakoitzean erabilitako materialerako edo karteletarako edo udal langileen dedi- kazioa ordaintzeko, besteak beste. Gastu horiek batuta, pandemiaren ondorio ekonomikoak arintzeko 234.111 euroko ekarpena egin zuen guztira udalak.