Jabetze Eskolaren udaberriko eskaintza aurkeztu dute
Tailer berriak jarriko dituzte martxan martxoan. Ekainera bitartean yoga, zoru pelbikoa, makramea eta beste gai batzuk lantzeko aukera izango dute emakumeek.
Urola Garaiko Jabetze Eskola ikasturtearen bigarren zatiari ekiteko prest dago, eta martxotik ekainera bitarterako tailerren eta ikastaroak aurkeztu ditu. Era askotako gaiak lantzeko sei hitzordu izango dira oraingoan, eta Emakumeen Etxeak Urretxuko Pagoeta auzoan duen egoitzan, Legazpin Saturnino Telleria kalean aurreko irailean ireki zuen lokalean eta Ezkioko Igartubeiti baserri-museoan egingo dira.
Jabetze Eskolaren eskaintza berriaren urkezpena gaur goizean egin dute Ainara Diaz eta Estu Ripa berdintasuneko teknikariek Emakumeen Etxearen kanpoaldean. Ondoan izan dituzte Jabetze Eskolan parte hartzen duten Amaia Agirre, Begoña Luzuriaga eta Maria Pilar Romano
Sei gai, sei tailer
Bizitzaren korapiloak elkarrekin askatuz, makramea izeneko tailerra izango da hasiko den lehena. Mariam Idiakezek emango du martxoko astearte guztietan 09:30etik 12:30era, Urretxuko Emakumeen Etxean.
Toki berean eta Oihane Vicenteren ardurapean, Emakumeak mugimenduan tailerra izango da, ostiraletan, martxoaren 4an hasi eta ekainaren 10era arte, 09:30etik 11:00etara.
Asteazkenetan, berriz, Yogaterapia izango da, Urretxuko lokalean hori ere. Itziar Perez Alkortak emango du, martxoaren 9tik maiatzaren 25era, 18:00etatik 19:30era.
Urretxun ere, Zoru pelbikoa indartzeko tailerra izango da, astelehenetan,martxoaren 14tik maiatzaren 30era (17:30- 19:00).
Sendabelarren gaia ere landuko dute, Cristina Lizarragarekinmaiatzaren 21ean eta ekainaren 7, 14 eta 21ean, Igartubeitin, 17:30etik 19:00etara.
Amaitzeko, A mano y sin permiso tailerraren bigarren zatia Legazpiko Emakumeen etxean izango da, martxoko, apirileko eta maiatzeko larunbatetan, 11:00etatik 13:30era.
Ikastaro eta tailer guztiak dohainik dira, baina izena eman behar da: 943 25 23 89 edo jabekuntzaeskola@gmail.com helbide elektronikoan.
Asteroko taldeak
Bestetik, emakume talde ezberdinak biltzen dira astero : Envejercer bonito, Emakume musulmanen ahalduntzea eta alfabetatzea, Sua emakume migratuen taldea, Zaintzaile emakume taldea eta Gure burua maitatuz.