Martxa handiko LegazTipi Tapa
Ostegun goizetan egiten dituzte Legazpin ibilaldi osasungarriak, plazatik 11:00etan abiatuta. Gaurko paseoaren amaieran, kanta eta dantza saioa egin dute partaideek.
LegazTipi-Tapan parte hartzen dutenek ibilaldi osasungarri horietan giro paregabea izaten duela diote beti, eta horren lekuko, gaurko saioaren amaieran Euskal Herria plazan egin duten kanta eta dantza saioa izan da. Ibilaldia bukatzeko modu paregabea eta “martxosoa” izan da.
Ostegun goizak dira LegazTipi-Tapa ibilaldietarako. Partaideak 11:00etan elkartzen dira Euskal Herria plazan, eta Herriko hainbat elkartetako boluntarioez lagunduta, paseo bat ematen dute herrian zehar, motza edo luzea, bakoitzaren gaitasunen araberakoa. Gaur, besteak beste, Nagusilan eta Iratzarriko boluntarioak izan dituzte laguntzen eta ohi bezala Garaguneko kideak ez dira falta izan. Paseo osasungarriak izateaz gain, bakardadeari aurre egiten laguntzen dute eta lagun berriak egiteko paregabeak dira.