Beasain, Euskal Herriko eskulturaren hiriburu
'Gaurko euskal eskultura' erakusketa zabaldu dute Igartzako jauregian, 94 piezarekin; martxoaren 10era arte egongo da zabalik. Euskal Herriko eskultore guztiak bildu nahi dituzte antolatzaileek
Euskal Herriko ia 100 eskulturgilek topo egin dute Igartza jauregian, Gaurko euskal eskultura izenburupean, Azken Muga elkartearen eskutik. Alberto Torres Aierdik dio eskulturgile guztiak daudela esatea hitz potoloak direla, baina asmoa hori dela. «Euskal Herrian eskulturaren inguruan mugimendu handia dago. Herri guztietan dago norbait, profesionalagoa edo amateurragoa», zehaztu du zizelkari beasaindarrak. «Zergatik? Ez dakit. Berezkoa dugu zaletasuna».
Sektorearen egoera «kaxkarra» dela dio, ordea. «Itzalpean» daudela sentitzen du. «Euskal Herrian eskulturak tradizio handia du eta ospe handiko izenak izan ditugu: Nestor Basterretxea, Jorge Oteiza, Eduardo Txillida… Horren izen handien alboan gerora etorri garen belaunaldiak itzalean gelditu gara». Ahatik, erakusketak, galeriak, topaketak… «gutxituta» daudela zin egin du. Torres ehun eskulturgileetako bat da.
Kopurua, baina «gutxiengoa» dela dio Migel Zeberio Etxetxipiak, Azken Mugako kideak. «Baztertuta» dagoen diziplinari tokia eman nahi diotela azaldu du. «1970. hamarkadako berpizkundearen diziplina artistiko eta filosofiko nagusia zen eskultura eta eskulturgileak. Baina atzera gelditu da, ez delako abangoardia», atsekabetu da.
Euskal Herriko eskuturgileak lehenago ere elkartu dira. Duela 50 urte La indiscriminada —Selekziorik gabea— erakusketa antolatu zuten Barakaldon (Bizkaian). Tartean topaketa gehiago egin diren arren, urtemugari keinu eginez «inolako selekziorik gabeko» erakusketa egin dute indar-erakustaldi modura.
Material, kolore eta forma anitzeko erakusketa da. Propio sortutako piezak dira batzuk. Muga bakarra tamaina zen, horrenbeste izanda toki arazorik ez egoteko 20x20x20 zentimetroko dimentsioak ez dituzte gainditzen. Torresek Hondan lana erakutsiko du. Kutsu arkitektonikoa duen altzairuzko pieza da. «Egurra urteetan landu dut. Baina material guztiak bezala bere mugak ditu. Altzairua lantzen hasi nintzen, nire nahietara hobeto egotzen zelako». Torres beasaindarra izan arren Elgoibarren (Gipuzkoa) du lantokia.
Erakusketa Beasainen martxoaren 10era arte egongo da. Gero Angelura (Lapurdi) joango da, eta handik beste hamaika herritara.
Denda
Piezak ikusgai egoteaz gain salgai ere badaude, «arrazoizko prezioan». Momentuan bertan salerosi daitezke, baina erakusketa lekualdatu arte ezin dira eraman.













