Kontseilu Sozialistako kideek aldundiaren egoitzara eraman dute peajeen aurkako protesta
Poliziak lau kide identifikatu dituela salatu dute, eta bihar arratsaldean, Beasainen egingo den manifestaziora joateko deia egin dute.
Goierriko Kontseilu Sozialistako kideek A-636 errepideko bidesariaren aurkako protesta ekintzekin jarraitzen dute. Gaur goizean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Donostiako egoitzan sartu dira hainbat kide, peajeen kontrako mezua zabaltzeko. Ekintza horren ondorioz, poliziak lau kide identifikatu dituela salatu dute.
GKSk azaldu duenez, “bizitzaren garestitzeak erantzuleak ditu. Enpresari handiekin batera, politikari profesionalak dira erantzuleak. Horren adibide da A-636 errepideko bidesarian alderdi guztiak zuzenean edo zeharka alde agertu izana”.
Bestetik, larunbat honetan, hilak 19, Beasainen egingo den manifestaziora joateko deia egin dute. “Hilabete bete da gaur peajea inposatu zutenetik, eta bihar berriro mobilizatuko gara horren aurka”. Manifestazioa 18:00etan hasiko da, Bideluze plazatik.