Kultur triangelua osatzeko lanean ari dira Ordiziako udala eta herriko eragileak
Kulturlab parte hartze prozesuaren barruan, Ordiziako kultur bizitzaren hausnarketa egin dute. Hurrengo urratsa izango da, Domingo Unanue plazan irekiko den Kafe Antzokia diseinatzea
Kulturlab parte-hartze prozesuaren barruan orain arte egindako lana aurkeztu du Ordiziako Udalak. Herriko alkate Adur Ezenarrok azaldu duenez, «aurreko agintaldian hasitako prozesu bat da». Hain zuzen ere, «Ordiziako kultur bizitzaren inguruko hausnarketarekin» hasi zuten prozesua, herriko eragileekin batera, noski, eta Kultibak dinamazatuta. Lehen urrats horretan, «nolabaiteko plan estrategikoa marraztu» zuten eta «aukera handiak zabaldu zituen».
Iaz, bigarren faseari ekin zioten; 2021eko ekainean jarri zuten abian, «Urbanbat kooperatibaren laguntzarekin, eta Ordiziako kultur ekipamenduen berrantolaketa bideratzeko prozesu parte-hartzailea egin da». Herriko kultur ardatzaren hiru eraikin nagusiak dira, Barrena jauregia, Herri Antzokia eta azpiko bi solairuak, eta Torrea.
Bigarren fase honetan ere Ordiziako Kultur eragileei deialdia egin zitzaien, «kultura azpiegiturak birpentsatu era elkarlanean diseinatzeko lantegi kolaboratiboak antolatu ziren». Lantegietan ordezkari politikoek, teknikariek eta udaleko programa kulturalen arduradunek eta udalerriko eragile kulturalek parte hartu zuten. Lantegien parte hartzaileetatik at, kultura programen eta eragileen eskaerak aztertzeko, udalak kontsulta bat ere bideratu zuen.
Galdeketaren emaitzak aztertu ondoren, eta elkarlaneko diseinuen aukerak kontuan izanda, 2021eko urrian, udalak azken deialdi irekia egin zuen, espazioen berrantolaketarako diseinuaren aukeraketa era parte-hartzailean balioztatzeko.
Herritik, herriarentzat
Alkateak azaldu duenez, asteazkenean Cartonajes Nadalen herritarren aurrean aurkeztu zuten, parte hartze prozesutik atera den txostena. «Hiru aukera landu ditugu, baina horietako batek hartu du indar gehien». Ezenarrok azpimarra egin du, «oso prozesu interesgarria izan da, non eragileek ere heldutasun handia erakutsi duten, komunitate ikuspegi batetik erabakiak hartzea posible izan da». Alkatearen hitzetan, orain arteko aurreikuspenak bete egin dira, eta udal gobernuaren plan estrategikoarekin lerratzen da: «Helburua zen hausnarketa herrian egitea, herriko eragileekin, eta zehaztea zer behar dugun, nola kokatu behar ditugun,…Eta gero, etorriko dira proiektuak».
Erronka «oso handia» dela garbi du Ezenarrok, «urte askotako erronka bat da», baina «poliki-poliki, bidea hartzeko aukera zabaldu da».
Oraindik badago zer egina. Aurten diseinu kolaboratibo parte hartzaile horrekin jarraitzeko asmoa dagoela erakutsi du alkateak: «Herri Antzokiaren azpiko solairuetan Herri Kafe Antzoki bat sortzeko adostasunera iritsi gara. Domingo Unanue plazara irekiko den Kafe Antzoki honen diseinua modu parte hartzailean egingo dugu».