Musealizazioa izango da hurrengo urratsa
Ormaiztegiko tren zubiaren 3 dimentsiotako maketa otsailaren 25ean entregatuko dio Zumalakarregi Museoari Goierri Eskolak. Modu irisgarrian aurkezteko espazioa prestatuko dute ondoren.
zumalakarregi Museoak, Goierri Eskolak eta Ormaiztegiko Udalak elkarlanean proiektu berritzailea jarri zuten martxan azaroan, ikasleekin Ormaiztegiko tren zubiaren 3 dimentsiotako maketa sortu eta ondoren museoan ikusgai jartzeko, 1×100 eskalan. Maketa bukatu dute Goierri Eskolako ikasleek eta otsailaren 25ean entregatuko diote museoari. Hurrengo pausua museoan erakusgarri jartzeko musealizazio prozesua egitea izango da, irisgarritasuna ardatz izanda.
Faseka dabiltza lanean proiektua burutzeko. Lehenengo urratsa ikasleei trenzubiaren inguruko historia eta xehetasunak azaltzea izan zen. Udalak emandako plano orijinaletan oinarrituta, 3D-ko planoak egin zituzten. Helburua tren zubia modu irisgarrian aurkeztea denez, Begiris Gipuzkoako itsuen edo ikuspen urritasuna duten pertsonen inklusioa sustatzeko elkartearekin jarri ziren harremanetan maketaren diseinuari buruzko iritziak partekatzeko.
Makinan egun eta gau
Iñaki Mezkita maketistak ere hartu du parte prozesuan. Ikasleek trenzubiaren neurriak, eskala, itxura eta beharrak aztertu eta gero, tren zubia zeharkatzen duen bailara eraikitzeko aukerak aurkeztu zizkien Mezkitak. Informazio guztia jasota, ikasleek eginiko lana 3 dimentsiotako makinara eraman eta 17 egunez 24 orduz dabil lanean maketa sortzeko. Otsailaren 25erako prest egongo da. Egun horretan, ikasleek Zumalakarregi Museoari entregatuko diote pieza.
Azkeneko fasea falta da oraindik. Maketa entregatu ostean, musealizazio prozesuari ekingo dio Zumalakarregi Museoak. Museoan maketa erakusgai eta ukigai jartzeko espazioa prestatuko dute, irisgarriak diren azalpen eta seinaletikarekin.
Proiektu berritzailea
Museoak azaldu duenez, «elkarlan eta formakuntza prozesu berritzailea» da, ikasleak proiektuan benetako bezero batekin ari direlako lanean eta etengabe egon direlako harremanetan produktua ahalik eta modu egokienean aurkezteko.