Txindokiko Kilometro Bertikalerako izen-ematea irekitzera doaz
Hamaika urteko etenaren ondoren, Txindokiko Kilometro Bertikala proba bueltan da. Maiatzaren 21ean izango da, eta asteazken honetan zabalduko dute izen-ematea.
Hamaika urteko hutsunearen ondotik, Txindokiko Kilometro Bertikala korrika proba antolatuko dute aurten, berriro. Maiatzaren 21ean izango da lasterketa, 10:00etan hasita. Goierriko Trail Koparako baliagarri da.
Ibilbide historiko berbera egin beharko dute korrikalariek: Larraizko aparkalekutik abiatu, eta Txindokiko gailurreraino igo. Luzean 4,1 kilometro da, baina 933 metroko desnibel positiboa dauka. Lehenik, pistan 1,1 km joango dira, ezkerrera bidezidorra hartu eta Oriako iturrira (2,9.km) iristeko. Kontrola han egongo da. Tximistan gora segiko dute.
Izena, asteazkenetik
Izena emateko epea otsailaren 23an, asteazkena, irekiko dute. 22:00etan. Kronoak.com webgunearen bidez apuntatu behar da (22 euro). Maiatzaren 17ra arte luzatu dute inskripzio aldia.
230 korrikalari onartuko dituzte gehienez.