Zepai kaleko zuhaitzak gatzez beteta agertu dira
Bigarren aldia dela adierazi du Udalak, eta "herriko zuhaitzak zaintzeko eta babesteko deia" egin du.
Idiazabalgo Udalak Zepai kaleko zuhaitzetako gatz isuriak salatu ditu. Bigarren aldiz aste honetan Zepai kaleko 10, 12 eta 14 atarien azpiko zatian zenbait zuhaitz “gatzez edo antzerako produktu batez beteta” azaldu dira. “Badirudi herritarren bat zuhaitzak kaltetzeko ahaleginetan ari dela, oso esanguratsua baita produktu horren kantitatea eta kokapena”, agertu du Udalak. Zuhaitzek ingurumen onura handiak eragiten dituztela eta herria jasangarriago egiten dutela gehitu du, bertako herritarren bizi kalitatea hobetuz. “Atmosferako CO2 kopurua murrizteaz gain, zuhaitzek garbitu egiten dute airea, gas kutsagarriak eta giza osasunarentzat, ekosistemen funtzionamenduarentzat eta horiek baitan hartzen dituzten elementuentzat kaltegarriak izan daitezkeen partikulak desagerraraziz”.
Ingurumenaren kontrako praktika horiek gaitzetsi eta herriko zuhaitzak “zaintzeko eta babesteko deia” egin du. Arazoren bat izanez gero, udaletxera jotzera animatu dituzte herritarrak, gaia “behar den bezala aztertu ahal izateko eta dagozkion azalpenak eman ahal izateko”.