Ehunka lagun bildu dira Beasainen, peajeen eta bizitzaren garestitzearen aurka
Goierriko Kontseilu Sozialistak deituta, manifestazio jendetsua egin dute gaur arratsaldean, Beasainen. "Bizitza gero eta garestiagoa" dela eta "langile klasea geroz eta pobreagoa" dela salatu dute.
A-636 errepideko bidesariaren eta bizitzaren aurkako manifestazio jendetsua egin dute gaur, Beasaingo kaleetan. Goierriko Kontseilu Sozialistak deituta, ehunka lagun elkartu dira protestan. Gehiengoa gazteak baziren ere, adin guztietako jendea ikusi ahal izan da manifestazioan zehar.
Bideluze plazatik abiatu eta herriari itzulia eman ondoren, Erauskin plazan bukatu dute protesta, ekitaldi labur batekin. Bertan, GKSko kideek azaldu dutenez, urtarrilean peaje hori kobratzen hasi zirenetik, “gastu bat gehiago gehitu da gure hilabete bukaerako fakturen zerrendara”. Izan ere, peajeaz gain “bizitza gero eta garestiagoa” dela salatu nahi izan dute, eta ondorioz, “langile klasea, geroz eta pobreagoa”. Zentzu horretan, peajeena “bizitzaren garestitzearen aspektu bat gehiago” dela uste dute, “argindarra, diesela eta abar diren bezala”.
Urtarrilean peajea indarrean jarri zenetik, bigarren mailako errepidean “trafikoa nabarmen areagotu” dela azaldu dute. “Bide aldrebesa da izatez, eta trafikoaren igoerak bertako bizilagun eta txirrindularien segurtasuna jaistea” eragin duela diote, baita gidariena ere.
Egoera guzti horren aurrean, antolakuntzaren garrantzia azpimarratu dute. “Inor gutxi ari da egoera honi aurre egiten; alderdi politikoak, sistema kapitalistaren kudeatzaileak, ez dira gai pobreziarako tendentzia hau gelditzeko”. Eta “zuzenean edo zeharka”, politikariak peajea jartzearen alde agertu direla gogorarazi dute. Hala, “arazo globalei soluzio unibertsalak” eman behar zaizkiela uste dute: “gizartea eta ekonomia antolatzeko era berri bat behar dugu, eta antolakuntza komunista da gure hautua”. Zentzu horretan, indarrak metatzearen garrantzia aipatu dute, bizi baldintzen okertzeari aurre egiteko. “Indarrak metatu gabe akabo, antolakuntzarik gabe akabo”. Indar hori guztia gizarte berri bat eraikitzeko indarra izan behar duela esanez bukatu dute ekitaldia.