Mikel Otegiren egoera salatzeko giza-kateak Ordizia eta Itsasondo lotu ditu
Mikel Otegi preso politikoaren egoera salatzeko hainbat ekintza egin dituzte egunotan. Gaur, giza-kate jendetsua egin dute Itsasondo eta Ordizia artean.
Mikel Otegi itsasondoarra gaixotasun larriak dituzten presoen zerrendan sartu da, biriketako tuberkulosia diagnostikatu baitiote. Haren egoera azaleratu eta aske utz dezatela eskatzeko, hainbat elkarretaratze egin dituzte egunotan Itsasondon. Gaur, Etxeratek eta Goierriko Sarek protesta hori eskualde mailara zabaldu nahi izan du, Itsasondo eta Ordizia artean egin duten giza-katearekin.
Eguerdian ehundik gora lagun elkartu dira Itsasondoko plazan. Larriki gaixo dauden presoak etxera! lema zeraman pankarta aurretik zutela abiatu dira manifestazioan. Parte-hartzaileak, zapien bidez elkar hartuta joan dira atzetik. Behin Ordiziako plazara heldutakoan, ekitaldi labur batekin bukatu dute protesta ekintza.
Antolatzaileek azaldu dutenez, Otegik bi herriekin izan du harreman handia, eta horregatik lotu nahi izan dituzte Itsasondo eta Ordizia giza-kate batekin. Ondarrutik ere elkartasun keinuak iritsi zaizkiela azaldu dute, haiek ere, herrikide moduan sentitzen baitute.