Mugak gainditzen dituzten pilotakadak
Gipuzkoako Kirol egokituen federaziak laugarren urtez antolatu du euskal pilota egokituko topaketa. Aniztasun funtzionala duten hogei bat lagunek parte hartu dute gaur, Beasaingo saioan.
Euskal pilota eta frontoiak aniztasun funtzionala dutenei ere gerturatzea, hori da Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak gaur Beasainen egin duen topaketaren helburua. Kirol lehiatik haratago, kirola egin eta jolas moduan ondo pasatzea da asmoa. Hogei bat lagunek parte hartu dute Antzizar kiroldegian egin duten Euskal pilota egokituko paleta topaketan, tartean, Goierriko hainbat gazte ere izan dira.
Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioko paleta egokituko arduraduna da Mikel Merino. Haren esanetan, iaz ezin izan zuten topaketa hori egin, pandemia zela eta, baina aurten, “gogotsu” sumatu ditu gazteak. “Gogo haundiz daude, Gipuzkoa osoko elkarte ezberdinetako kideak elkartzen dira eta harremanak sustatzeko egun ederra izaten da”.
Askorentzat frontoietara gerturatzeko modua dira honelako topaketak. Beste askok berri, topaketa horietatik lehiarako jauzia egiten dute.
Txapelketa ere, martxan
Izan ere, topaketez gain, federazioak Euskal Pilota Egokituko Txapelketa ere antolatzen du urtero. Aurten 12. edizioa ari dira jokatzen. Duela aste batzuk hasi zen lehia, Amasan, eta hainbat herritan jokatuko dituzte kanporaketak. Idiazabalen, esaterako, gurpildun haulkikoen eta adimen urritasuna dutenen buruz buruko finalak jokatuko dituzte, martxoaren 12an.