Arrizabalaga eta Gaminde nagusi Emakume Master Cup txapelketako partidan, Ormaiztegin
Arrizabalaga eta Gaminde bikoteak nagusitasun osoz garaitu ditu Arraiza eta Erasun Ormaiztegin, Emakume Master Cup-eko binakako txapelketako partidan.
Ormaiztegiko Zubipe frontoian Emakume Master Cup lehiaketako jaialdia ospatu dute. Eskuz binakako txapelketako partidak jokatu dira bertan. Lehenik gazteen txanda izan da, pilota goxoarekin jokatu dute eta goizeko hamaiketan ekin diete partidei. Ostean, iritsi da eliteen txanda, pilota mistoarekin jokatu dute hauek.
Gazteen mailan, pilota goxoarekin hiru bikotek jokatu dute. Triangularra jokatu dute hiru taldeen artean eta, hiru partiden ostean, Edurne Carreterok eta Alaia Ruiz de Infantek osatutako bikotea sailkatu da.
Triangularraren ostean jokatu da partida nagusia, elite mailako pilota mistoarekin. Olatz Arrizabalagak eta Enara Gamindek osatutako bikoteak, gorriz, ez diete aukerarik utzi Miriam Arraizari eta Itxaso Erasuni, urdinez. Lehen sakea gorriei egokitu zaie eta Arrizabalagaren sakeak min handia egin die urdinei. Gorriek bederatzi tanto egin dituzte jarraian, Arraizak zabalean urdinentzako lehen tantoa egin duen arte.
Arraizak eta Erasunek, beraien pilotarekin, hobera egin dute, baina 12-3 joan ostean, partida guztiz irauli da. Arrizabalagak indartsu jarraitu du erasoan eta Gamindek ez du ia akatsik egin. Horrela, Arraiza eta Erasunek ez dute aukerarik eduki gorriengana gerturatzeko. Azkenean, 22-4 amaitu da partida.
Partida amaitu ostean, Arrizabalagak partida uste zutena baino “errazagoa” izan dela aipatu du: “Bikote oso ona osatzen dugu. Frontoi azkarra da eta hori ongi etorri zaigu”. Urdinek bazekiten oso zaila izango zela gorriak garaitzea, horrela adierazi du Arraizak: “Bagenekien aurkariak oso indartsuak zirela. Disfrutatzera irten gara eta ahal duguna egin dugu”. Ormaiztegiko partidaren ostean, Arrizabalaga eta Gaminde taldeko liderrak dira bi partida irabazita.