Martxan daude Legazpiko komun publiko berriak
Latxartegi parkean eta Olaberriko industrialdean instalatu ditu udalak. Berez garbitzen diren komunak dira.
Legazpiko Udalak bi komun publiko berri jarri ditu Latxartegi parkean, osasun zentroan atzealdean, eta Olaberriko industrialdean, auzora joateko oinezkoentzako zubiaren ondoan. Berez garbitzen diren komunak dira, eta 09:00etatik 21:00etara daude zabalik.
Erabilera mistoko komunak dira, kanpoan bi pixatoki dituzte, eta desgaitasuna duten pertsonentzat irisgarriak dira. Bestetik, sistema automatizatua dute eserlekua, komunaren barrualdea, zorua eta kanpoko pixatokiak garbitzeko. Alarmak eta segurtasun sistemak ere badituzte, atea kanpotik desblokeatu ahal izateko barruan norbait harrapatuta geratuz gero denerako.
Itxurari dagokionez, kanpotik Corten altzairuzkoak dira, eta barrutik beirazko eta altzairu herdoilgaitzezko mosaikoa dute.
Komunak Aseos Publicos Ibericos SL enpresak hornitu ditu, 89.431,10 euroan (BEZ barne), eta instalazio lanak ART Erainkuntzak SL enpresak egin ditu, 36.096,54 euroan (BEZ barne).













