Beti-Gazte tabernaren garai berria, gaztetuta
Zaldibiako udaletxearen azpialdean atzo inauguratu zuten udal esleipeneko taberna berria, Mari Carmen Sainz-Ajaren ardurapean. Gosari, pintxo eta ogitarteko aukera du; jubilatuen biltoki ere izango da.
Estreinaldiekin jarraitzen du Zaldibiak. Iaz udaletxea eta plazako eremu zabala inauguratu ondoren, atzo Beti-Gazte tabernari iritsi zitzaion txanda. Udaletxe berriaren azpialdean kokatuta, lehenbiziko aldiz ateak atzo 17:00etan zabaldu zituen, bezeroentzat eta jubilatuentzat otamena eskainita.
Mari Carmen Sainz-Aja lazkaotarrak hartu du Beti-Gazte taberna, udalaren esleipenez. Irekitzearen urduritasunez, azken prestaketak egiten ari zela ireki zion taberna egunkari honi, inaugurazioa baino ordu pare bat lehenago. «Jendea aspalditik ari da noiz zabalduko dugun galdezka. Kanpotik etorritakoak ere bai. Leku erakargarria da, eta jendeari daukagun onena eskainita, harrera ona edukitzea espero dut», zioen Sainz-Ajak.
Lekua zabala, argitsua eta berria da. Berriagorik ezin. Plaza aldera ikuspegi orokorra du, baita eliza eta Karreane alde osora ere. Kanpoaldean terraza jarriko du.
Beti-Gazte zaharraren lekua, funtzioa eta zerbitzua berreskuratuko ditu taberna berriak. Udaletxe zaharra bota zutenetik, Joxepanen eman dute jubilatu elkartearen taberna-zerbitzua, urtebetean. Beti-Gazte elkartekoek prezio beheratuak edukiko dituzte tabernan berrian ere: freskagarri, kafe eta infusio %25 merkeago, eta ardo, sagardo, garagardo, pintxo, arrazio eta salda %15eko deskontuarekin.
Denentzat zabalduta
Herritar nahiz kanpotar guztientzat irekita egongo da, hala ere, Beti-Gazte. Goizean 08:30ean zabalduko dute; hasiera honetan, gauean 21:00ak arte egongo da, eta aurrerago 22:00etan ixteko asmoa agertu du tabernariak.
Eskaintzari dagokionez, bertako produktuei eman nahi die lehentasuna. Lehenbizi, gosariak emango dituzte. Ondoren, pintxo aukera izango da, tabernan bertako sukaldean Sainz-Ajak berak prestatuak. «Ogi naturala, baserriko marmelada, bertako jakiak, produktu bereziak ekarriko ditugu. Astegunetako pintxoez gain, asteburuetan bereziagoak ere jarriko ditugu: foiea plantxan, etxeko kroketak, tortillak, piper erreak bere garaian, kalamareak… Martxaren arabera».
Asteburuetan ogitartekoak ere aterako dituzte, baita arrazioak ere. Printzipioz, menurik edo mahaiko jatordurik emateko asmorik ez daukate. «Denborarekin, ikusiko dugu».
Asteko atseden eguna astelehena du, eta itxita egongo da egun horretan. Sainz-Aja bera eta asteburuetarako beste zerbitzari bat hasiko dira orain lanean, baina hirugarren bat hartzeko asmoa badu. «Lana egin beharko dugu, eta zukua ateratzen diogun tokiari».