Gipuzkoako itzulia mendiz mendi
Amezti Mendi Elkarteko kideak Gipuzkoako itzulia egiten ari dira. 2017an ekin zioten eta joan den igandean 7. etapa egin zuten, 18,5 kilometrokoa, Arrasatetik Leintza Gatzagaraino.
Gipuzkoako itzulia egiten ari dira Zegamako Amezti Mendi Elkarteko kideak mendirik mendi. Joan den igandean itzuliko 7. etapa egin zuten, Arrasateko Gesalibar auzotik abiatu eta Gipuzkoako eta Arabako mugetatik igaroz, Leintz Gatzagaraino. Aretxabaleta, Aramaio eta Eskoriatzako zenbait auzo eta parajetatik barrena, 18,5 kilometroko ibilbidea egin zuten. Lainoak zirela eta ezin izan zuten paisaiaz gozatu. Itzuliko hurrengo etapa urrian egingo dute, Leintz Gatzagatik Arantzazura. 2017an hasi ziren itzulia egiten, kostaldetik. Urte hartan Hondarribitik Pasaiara joan ziren. 2018an, berriz, Pasaiatik Oriora, 2019an Oriotik Zumaiara, eta 2020an Zumaiatik Mutrikura.
Urtean etapa bakarra egiten hasi ziren, baina itzulia osatzeko denbora murrizte aldera, urtean bi etapa egiten dituzte iaztik. Hala, Mutrikutik Eibarrerako eta Eibartik Arrasaterako bidea egin zuten 2021ean, bi etapa ezberdinetan. Markatutako ibilbideak erabiltzen dituzte, GR-121 bidean. «Ibilbideak nahi beste daude, guk moldatu egiten ditugu egunean egin nahi dugun zatiaren arabera», azaldu du Asier Berasategi Ameztiko kideak. «Denera 10-15 bat lagunek» hartzen dute parte elkarteak antolatutako irteeretan. Aurreko igandean, 9 lagun izan ziren Arrasatetik Leintz Gatzagarainoko etapan.
Ohitura aldaketa
Itzuliko irteerez gain, beste hainbat mendi ibilaldi egin ohi dituzte. Martxoaren 13an, Arabara joango dira, Kodes mendilerroan dagoen Joar mendira. Beste ibilbide bat ere egiten ari dira etapaka: GR-12ko Urmuga ibilbideko 7. etapa egingo dute apirilaren 10ean, Lekunberritik Lizarrustira. Euskal Herritik kanpora ere joango dira aurten beste irteera batean. Ekainaren 18an eta 19an Gaztela-Leongo mendietatik bi eguneko mendi ibilaldiak egitea aurreikusi dute.
Goierrin mendizaletasunak indarra badu ere, Emilio Txurruka kidearen ustez mendiaz gozatzeko moduak aldatu dira: «Lehen goizean autobusa hartu eta taldean joaten ginen, orain agian bakoitzak bere kaxa nahiago du joan, konpromisorik gabe». Herritarrak animatu dituzte Ameztikoen irteeretan parte hartzera. «Esperientzia aberasgarria da adin ezberdinetako eta kuadrilla ezberdinetako jendea elkartzen garelako», nabarmendu du Berasategik.