Alday eta Capellan garaile Emakume Master Cupeko partidan, Seguran
Amaia Aldayk eta Andrea Capellanek 22-13 garaitu dituzte Miriam Arraiza eta Itxaso Erasun. Segurako Baratze pilotalekuan, Emakume Master Cup binakako txapelketako jardunaldia ospatu dute.
Emakume Master Cup eskuz binakako txapelketako jardunaldia jokatu da Goierrin, bigarren asteburuz jarraian. Joan den igandean, Ormaiztegiko Zubipe pilotalekuan jokatu bazuten, gaur, Segurako Baratzen aritu dira. Partida nagusian, Amaia Alday eta Andrea Capellan (gorriz) Miriam Arraizaren eta Itxaso Erasunen (urdinez) aurka aritu dira, aurrez aurre. Joan den igandean ere jokatu zuten urdinek, Ormaiztegin; eta, orduan bezala, gaur ere ezin izan dituzte aurkariak gainditu. Gorriek 22-13 irabazi dute elite mailako norgehiagoka.
Beste maila batzuetako partidak ere jokatu dituzte Seguran. Promozio mailan, Beitia eta Arrizabalagak lortu dute garaipena. 18-11 gailendu zaizkie Insausti eta Zubizarreta bikoteari. Bestetik, gazte mailako hiru talde ere aritu dira. Guztiek guztien aurka jokatu dute eta, hiru partiden ostean, Elorza eta Monge bikoteak eskuratu du hurrengo faserako sailkapena.