Kolorez, musikaz eta dantzaz bete dute Legazpi
Inauteriak ospatu dituzte asteburu osoan zehar Legazpin. Gaur, txarangaren musikarekin, herriko kaleak alaitu dituzte Sustraiak Dantza Taldekoek.
Kolorez apaindu dute Legazpi. Eraikinetan eta kaleetan apaingarriak daude eta txarangaren musika doinuak entzun daitezke. Inauteriak dira. San Ignaziotik Bikuñara doan errepidean behera bada mugimendua. Sustraiak Dantza Taldeko kideak datoz, inauterietako jantziak soinean dituztela. Atzetik, Gasteizko Akelarre txarangako musikariak dituzte eta, inguruan, herritar ugari. Pandemiaren osteko lehen jai jendetsuak izaten ari dira inauteriak eta legazpiarrak festa gogoz daude.
Sustraiak Dantza Taldeak Lantzeko inauteria konpartsa kaleratu du, Lantzeko (Nafarroa) inauteri ospetsua oinarri gisa hartuta. Taldeko haur eta kideez gain, zenbait guraso eta herritarrek ere hartu dute parte ekitaldian. Partaide gehienak txatxoz jantzita joan dira, baina bestelako pertsonaiez ere mozorrotu da jendea.
Partaideen eta ikusleen artean, jende ugari bildu da Legazpiko herrigunean. Txarangaren erritmora, herria zeharkatu dute, puntu jakinetan geldialdiak eta dantza saioak eginez. Lau Bidetik abiatuta, San Ignaziotik Bikuñara jaitsi eta Plazaolan amaitu dute goizeko saioa. Gizarte Zentroan bazkaldu eta, arratsaldean, berriro dantzari ekingo diote. Kale Nagusitik, Nafarroa kaletik eta Plazaolatik igaro ostean, herriko plazan amaituko dute dantza saioa. Bertan, egunari amaiera emateko, Lintx pertsonaia erreko dute.