Xabier Berasategik garaipena lortu du Peredaren Oroimenezkoan
Xabier Berasategi txirrindulari olaberritarrak garaipena eskuratu zuen, atzo, Jesus Peredaren Oroimezko proban, Colindresen. Gaur, bigarren postua lortu du herri berean ospatutako Santistebanen Oroiomenezkoan.
Asteburu biribila osatu du Xabier Berasategi Garmendia txirrindulari olaberritarrak. Kantabriako Colindres herrian (Espainia) bi lasterketa lehiatu ditu Laboral-Kutxa taldeak eta Berasategi izan da gehien nabarmendu den txirrindularia. Atzo, garaipena eskuratu zuen eta, gaur, bigarren postua lortu du.
Lasterketa gogorra da Jesus Peredaren oroimenezkoa, 140 kilometro eta 2.700 metroko desnibela. Tartean, Ason eta Alisas mendate luzeak ditu ibilbidean. Bi mendate horiek igaro ostean, harrapatu zituen pelotoiak eguneko ihesaldiko txirrindulariak eta, orduan, egin zuen alde Berasategik beste zenbait lasterkarirekin. Bi mendate zituzten, oraindik, Colindreseko helmugara heldu aurretik. “Azken aurreko mendatean Imanol Alvarez [Eiser-Hirumet taldekoa] eta biok garatu ginen eta, azkenekoan, bakarrik joan nintzen”, azaldu du olaberritarrak. Azkenean, bakarrik heldu zen helmugara, bere jarraitzaileei minututik gorako aldea aterata. Nicolas Alustiza zumarragarra zazpigarren helmugaratu zen eta Jon Arakama zegamarra hamabosgarren.
Gaur, herri berean, beste lasterketa bat izan dute, Santistebanen oroimenezkoa. Ibilbidea “atzoko berdina zen, baina alderantziz eta, bukaeran, beste igoera batekin”. Berastegi protagonista izan da gaur ere. “Hasieran egin da lasterketa lehiatu duen ihesaldia eta zenbait taldekide sartu gara bertan. Ondoren, Enekoitz Azparren taldekideak bakarrik ihes egin du eta kilometro gutxi falta zirenean harrapatu dugu”. Esprintean lehiatu dute garaipena eta olaberritarra bigarrena izan da Vollmer estatubatuarraren atzetik. “Gaur ere gertu egon da”, adierazi du Berasategik.
Aurreko urteetan, hilabete batzuk itxaron behar izan ditu lehen aldiz eskuak altxa aurretik. Aurten, ordea, indartsu ekin dio denboraldiari Berasategik. Laugarren urtea du 23 urtez azpiko mailan eta, denboraldia hasi eta gutxira, eskuratu du lehen garaipena. Hilaren hasieran, Ipar Euskal Herrian, pòstu onak eskuratu zituen Essor Basqueko lasterketetan. Asteburu honetako lehen eta bigarren postuekin, sasoi onean dagoela erakutsi du olaberritarrak. Datorren astean Ereñon (Bizkaia) arituko da, Euskaldun txapelketako bigarren proban.