Gipuzkoako Foru Aldundiak martxoaren 31ra arte luzatu du A-636 Beasain-Bergara errepideko bidesariari buruzko aurrez aurreko zerbitzua
Zerbitzua herri gehiagotara zabalduko du, tartean Ataun, Lazkao, Olaberria, Ordizia, Segura, Zaldibia eta Zegamara.
2022ko urtarrilaren 18tik indarrean dago Beasain eta Bergara artean A-636 autobia erabiltzeagatik kanona kobratzea. Honen aurrean Gipuzkoako Foru Aldundiak, joan zen urrian informazio-kanpaina bat abiarazi zuen gipuzkoar guztientzat, eta bereziki, Beasain-Bergara autobidetik gertu dauden eta teleordainketarako gailurik ez duten biztanleentzat. Kanpainaren helburua erabiltzaileek Abiatu gailua aurrez aurre eskatu ahal izatea, beren ibilgailuaren matrikula banku-txartel batekin lotzea eta erabiltzaileen zalantzak argitzea izan da.
Kanpaina urriaren 25an hasi zen eta herriz herri ibili diren Bidegiko arreta zerbitzukoek 8.173 herritar artatu dituzte otsailaren 18a bitarte, 68 hitzordu presentzialetan. Hauetatik 3.786k Abiaturen eskaerak bertan egin dituzte, beste 954k autoaren matrikula kreditu txartelari atxikitzea aukeratu dute, eta besteek informazioa etxera eraman dute. Izandako erantzuna dela medio eta jasotako deien aurrean, Foru Aldundiak, Bidegiren batera, Goierri eta Debagoieneko herrietan antolatutako aurrez aurreko zerbitzua luzatzea erabaki du martxoaren 31a arte. Zerbitzua Ataun, Lazkao, Olaberria, Ordizia, Segura, Zaldibia eta Zegamara zabalduko da.
Zerbitzuaren egutegi berria gaur hasiko da Legazpin eta martxoaren 31an amaituko da Beasainen. Udalerrietan aurrez aurreko zerbitzu ibiltarikoak noiz eta non egongo diren egutegia hau izango da:
• Legazpi. Otsailak 28. Udaletxean.
• Ordizia. Martxoak 1 eta 16. Dorrea Eraikineko kirol bulegoan.
• Zegama. Martxoak 2. Udaletxean
• Idiazabal. Martxoak 4. Udaletxean.
• Lazkao. Martxoak 7 eta 25. Udaletxean. Erakusketa aretoan.
• Ataun. Martxoak 10. Udaletxean.
• Zumarraga. Martxoak 11 . Zelai Arizti kultur etxean.
• Segura. Martxoak 14. Liburutegian.
• Olaberria. Martxoak 17. Udaletxean.
• Beasain. Martxoak 18 eta 31. Udaletxean.
• Urretxu. Martxoak 21. Udaletxean.
• Zaldibia. Martxoak 22. Kultur Etxean.
Aurrez aurreko zerbitzuaren ordutegia: Goizez 9:30-13:30 eta arratsaldez 16:00-20:00.