Segurako azken hiru mojei agurra
Azpeitiko komentura joango dira azken urteetan Segurako komentuan bizi izan diren mojak .Donostiako elizbarrutiko kideek eta Segurako alkateak ere parte hartu dute agurrean.
Segurako Sorkundetar komentuan geratzen ziren azken hiru mojak Azpeitiko komentura joango dira aste honetan. Seguran egindako lana eskertzeko, eta agur modura, herri despedida egin diete larunbatean, komentuan bertan. Lau moja geratzen ziren Seguran. Joan den astean zendu zen laugarrena, Consuelo Aiastui arrasatearra, Mari Paz bezala ezaguna, eta ostiralean egin zuten hura agurtzeko elizkizuna Andre Mariaren Jasokundearen elizan. Azpeitira joango diren hiru mojetatik bi segurarrak dira: Axun Auzmendi eta Julene Etxeberria. Bestea, Lide Amilibia, zumaiarra da. Klausuran bizi diren Sorkundetar mojak diren arren, urte luzez herriko ekintzetan parte hartu dute. Tartean, jaunartzeko eta Aste Santuko arropak haiek txukundu izan dituzte, eta baratzean ereindako landareekin egindako produktuak eman eta zabaldu izan dituzte herrian. Ikurrina legeztatu zenean, joste lanetan lagundu zuten.
Izarra Urdalleta alkateak ere parte hartu du agur ekitaldian, Seguraren alde egindako lana eta izan duten gertutasuna eskertzeko. Herriko dantzariek dantza egin eta lore sorta bana oparitu diete. Udaleko zein herriko ordezkariak ez ezik, Donostiako Elizbarrutiko kideak ere izan dira ospakizunean. Herritar asko inguratu dira komentuko kaperara agurra ematera.
Komentua hutsik
Komentua hutsik geratuko da Azpeitira joaten direnean. Eraikin multzoa kongregazioarena da eta erabilera zehazteko dago oraindik, baina ez dute baztertu herritarrek erabili ahal izatea.