Ahalduntze Eskola, eragiteko eta saretzeko
Ahalduntze Eskola aurkeztu dute gaur Idiazabalen. Martxoaren 11rako ziklikotasuna ezagutzeko tailerra antolatu dute.
Idiazabalgo Ahalduntze Eskola aurkeztu dute gaur Udaleko Eunate Elio Berdintasun zinegotziak eta Alazne Elorza komunitate dinamizatzaileak, errealitatea ikuspegi feministatik aztertu eta emakumeen jabetzea eta parte hartze sozio-politikoa sendotzeko. Mugimendu Feministak garatutako jakintza eta ezagutzak modu kolektiboan eta partekatuan lantzeko espazioa izango da.
Eskolaren helburua “emakumeen jabetze eta ahalduntze prozesuan maila guztietan eragitea” dela azaldu du Eunate Eliok, “Idiazabalgo emakumeon arteko sareak sortuz eta ikusgaitasuna lortuz”. Martxotik uztailera egitarau zabala prestatu dute, eta herriko hainbat gunetan ariko diren arren, Pilarren ganbara izango da txoko bereziena, Pilarrenean. Talde egonkor bat sortu eta bertan elkartuko dira apiriletik aurrera hilabetean behin, tertuliarako eta hausnarketarako. “Horrela, elkar zainduz, elkarrekin ahalduntzeko”.
Martxoaren 11n izango da lehenengo ekintza. Ziklikotasuna ezagutzeko tailerra egingo da Pilarren ganbaran, 18:00etan. Ikastaroan parte hartzen dutenei hileko-kopa bana oparituko zaie. Martxoaren 19an, berriz, ukendu ikastaroa egingo du ‘Marieder’ Maider Lakarrak, 10:00etan, Adinetxen. Ekintzetan parte hartu nahi dutenek aurrez izena eman behar dute liburutegian edo berdintasuna@idiazabal.eus helbide elektronikora idatzita.
Hurrengo ikastaroak:
- Maiatzak 18: Monika Arratibelek emakumeak eta amak protagonista dituzten ipuin kontaketa eskainiko du.
- Ekainak 8: Irrintzi ikastaroa.
- Ekainean mendian segurtasunez eta autonomiaz ibili ahal izateko orientazio ikastaroa.
Lilaldiko aurreneko jarduerak
Ahalduntze Eskolaz gain, hainbat eragilerekin prestatutako Emakumeen Nazioarteko Eguneko Lilaldia 2022 egitarau bateratua aurkeztu dute. Larunbatean emango diote hasiera. Aizan! Izalgo Talde Feministaren eskutik, Aizan! festa izango da plazan, eta poteo morea ondoren. 19:00etan, berriz, ‘Latsariak’ dokumentala proiektatuko da 19:00etan Guraso Elkartean. “Garai batean lixiba egiten zuten emakumeen ingurukoa, emakumeek egiten zuten lana balorean jarri eta ikusarazteko. Eta jarraian, lixiba egiten aritzen ziren Idiazabalgo bi emakumeri ahotsa emango zaie” azaldu du Elorzak.