Etxezarreta 11ko lokala Osakidetzari ematea onartu du udalbatzak, aho batez
Etxezarreta 11 zenbakian kokatzen den osasun zentroa handitzea ahalbidetuko dio Osakidetzari. 2026rako berdintasun printzipioa udal politika publiko guztietan txertatzeko konpromisoa hartu da
Ordiziako Udaleko udalbatzak otsailari dagokion ohiko osoko bilkura egin zuen iragan ostegunean, hilak 24. Eguneko gai zerrendan 12 puntu, baina lasai eta azkar joan zen bilkura. Nabarmentzeko puntuen artean, Osakidetzari doako lagapen bidez ematea Etxezarreta kaleko 11 zenbakian kokatzen den lokala, Domingo Unanue plazaren mailan dagoena. Udal ordezkariek, aho batez onartu zuten. Udaleko idazkariak adierazi zuen moduan, «osasun zentroko obrak egiteko baimena, baldintzatuta geratzen zen onarpen honetara». Espediente eta txosten guztiak prest, lagapen hori egiteko izan zen bozka. Esposizio publikoan egongo da indarrean sartu aurretik. Etxezarreta kaleko eraikin hau Osasun zentroa den bitartean, doako lagapena egingo zaio Osakidetzari, baina osasun zentro izateari uzten badio egunen batean, berriro itzuliko da ondasuna udal patrimoniora.
Gai horri lotuta, eta osoko bilkuran azaldu zen moduan, Domingo Unanue plazan jarri dute, osasun zentroko obren lehenengo faseari dagokion parte modularra. Eraikina berritzeko obrak hastean martxan jarriko direnak.
Berdintasunera urratsa
Beste gai batzuen artean, Ordiziako Udalak 2026rako berdintasun printzipioa udal politika publiko guztietan txertatuta izateko eta indarkeria matxista prebenitzeko eta detektatzeko protokoloa izateko konpromisoa hartu zuen osteguneko osoko bilkuran, aho batez. NBE Emakumeak erakundearen Generation Equality nazioarteko ekimenaren barruan Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak bultzatutako izen bereko proiektuaren esparruan kokatzen da.
Martxoak 8 adierazpena
Bestalde, eta martxoaren 8a, datorren astean izango dela kontutan izanik, EUDELetik jasotako udal adierazpena aho batez onartu du udalbatzak. Adierazpenak dio «Martxoaren 8an, emakumeei historikoki usurpatu zaizkien eskubideak lortzeko egindako borroka anitzen esanahia gogora ekarri eta aldarrikatu» nahi dutela. Orain arte, emakumeen eskubideen aldeko borrokak «aurrerapen handiak» ekarri dituela emakumeen egunerokoan, eta gaur egun oraindik, emakume eta gizonen arteko berdintasun eraginkor bat lortzeko «bide luzea» geratzen denez, «beharrezkoa» dela emakumeen eguna aldarrikatzen jarraitzea.
Adierazpenaren onarpenak, ondorengo erronkak betetzeko konpromisoa dakar: Berdintasun politikak garatzeko baliabide ekonomikoak, pertsonalak eta teknikoak indartzea; generoaren eta giza eskubideen ikuspegia indartzea; Administrazioko langileen berdintasunari buruzko barne-prestakuntza bultzatzea; Emakumeen aurkako indarkeria matxista mota guztien biktimei arreta emateko sistema zabaltzea; Ikuspegi intersekzionalean aurrera egitea; sentsibilizazio lana; ahalduntzearen aldeko lana egitea; eta erakundeen akordioak eta koordinazio-sistemak eta -protokoloak hobetzea
Puntu honetan, Ordizian Oraineko bozeramaileak, egun horretako osoko bilkuragatik zinegotzi bakoitzak jasotzen duena, Kimetz elkarteari bideratzea proposatu zuen. Modu pribatuan erantzungo dio proposamenari zinegotzia bakoitzak.