Udalak oparoaldi finantzarioan
Goierriko udalek iazko foru funtsetik espero baino 8 milioi gehiago jaso dituzte, 55,2 milioi guztira. Zerga bilketaren errekorrak 2022rako ere aurreikuspena goian jarri du
Koronabirusaren bigarren urteak datu makroekonomiko onak utzi zituen iaz Gipuzkoan. Zerga bilketak errekor urtea izan zuen 2021a: Gipuzkoako Foru Aldundiak 5.340 milioi euro jaso zituen, inoizko zenbatekorik altuena. «Emaitza biribila», Markel Olano ahaldun nagusiaren iritzian. Oparoaldi ekonomikoaren «baliabide gehikuntza» hori bi helbururekin pentsatuta inbertitu behar dela aurreratu du foru erakundeak. Gizarte politiketan, bat; «krisiak gehien kaltetu dituen pertsonak babesten jarraitzeko». Eta «etorkizuneko ekonomia eraikitzen segitzeko», bigarrena.
Herrialdeko foru ogasuneko zerga bilketa 2020tik %15,2 igo da (705 milioi gehiago, aurreikusitakoa baino), baina baita pandemia aurreko 2019ko ekitalditik %6,3 ere (316 milioiko hazkundea). Gipuzkoak 5.340 milioi euro jaso zituen iaz zergetan; EAEko hiru aldundiek, 15.963 milioi. Errekor urtea, han ere.
Zuzenean eragin die horrek udalerriei, iazko UFFF Udalak Finantzatzeko Foru Funtsean itxiera aurreikuspena baino 84 milioi euro gehiago gelditu direlako: 582 milioi denera.
Goierrira 8 milioi gehiago
Eskualdeko 22 udalek otsaileko UFFFren ordainketan jaso dute iazko likidazioaren aldeko saldoagatik zegokien kopurua. Guztira, 7,97 milioi euro gehiago dute udalek. 2021eko UFFFren aurrekontua Goierrirako 47,2 milioian kokatu zuen aldundiak, eta azkenean 55,2 milioira iritsi da finantzazio funtsa.
Finantzazio tresna gehiago ere badituzte udalek, nahiz eta nagusia UFFFk izaten segitzen duen. Duela hilabete eta erdi beste 25 milioi euro banatu zituen aldundiak Gipuzkoako udalekin, Estatutik iritsitako COVID-19 funtsetatik. Gipuzkoari dagokion defizita tokiko erakundeekin partekatzea ere erabaki du aldundiak; bide horretatik, 2022an 21 milioi euroko defizit ahalmena izango dute udalek.
Guztira, Gipuzkoako udalek 100 milioi euro gehigarri baino gehiago jaso dituzte hilabetean. Tokiko erakundeen finantzaketa «sendo» dagoela berretsi du aldundiak.
Udalek, beren aldetik, baliatu dute gehienezko gastuen sabaia goratzeko abagunea. 2022ko aurrekontuetan islatu da dagoeneko, eta inbertsio handiagoei heltzeko zuzkidurak sartu dituzte.
2022rako 53,8 milioi
UFFFrako inoizko diru kopuru handiena utzi badu 2021ak, 2022rako ere aurreikuspen altua du finantzazio-egoerak aldundiaren partetik: Goierrirako 53,8 milioi, iazko errekor kopurutik 1,4 milioira soilik.
Hala, 2021eko aurrekontua baino %14 gorago kokatu du aldundiak aurtengo finantzazioa. Udalek lau zatitan jasoko dute.