Mugikortasun Jasangarrirako Plana lehen fasean da Beasainen
Beasaingo Udala hiri barruko desplazamenduen argazkia egiten ari da Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Plana diseinatzeko. Herriko sarrera-irteeratan ibilgailuen joan-etorrien kopurua neurtzeko makinak jarri dira; aparkalekuen okupazio-maila, oinezkoen pasabideetako egoera, irisgarritasuna, garraio publikoko geltokien inbentario eta balorazioa… ere egiten ari dira; kale inkestak ere egingo dituzte. Ahalik eta iritzi gehien biltzeko galdetegia online ere jarri dute.
Bildutako datuak herritarrekin eta eragileekin landuko dituzte, lan-ildoak zehazteko. Planak herri barruko desplazamenduak «era jasangarrienean» egiten direla ziurtatzea du helburu, «beasaindarren bizi kalitate hobea bermatzeko eta klima aldaketari aurre egiteko». Era berean, udaletik azpimarratu dute planak balioko duela bide segurtasuna handitzeko eta istripuak gutxitzeko, pilaketak saihesteko, irisgarritasuna eta garraio publikoko eskaintza hobetzeko….
Mugikortasun mahaia
Lanketa ez dute hutsetik hasi. Duela bi urte Mugikortasun Mahaiak egindako lanketa eskura du udalak. Beasaindarren mugikortasun ohiturak eta herriko gabeziak identifikatu zituzten.
HMJP
Beasaingo Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Planaren funtsa «beasaindarren bizi kalitatea hobetzea» da. Lau urratsetan egingo dute.
1. Datu bilketa. Diagnostikoa egiteko ibilgailuen fluxua eta beste hainbat datu neurtzen ari dira. Kale inkestak ere egingo dituzte datozen asteetan.
2. Parte hartzea. Mugikortasunarekin lotura edo interesa duten herritar eta eragileekin diagnostikoa aztertu eta ondorioak aterako dira.
3. Lehentasunak. Eragileek esandakoaren arabera lehentasunak zehaztuko dira helburuak lortzeko.
4. Jarraipen-fasea. Plana eraginkorra den ala ez ikusi beharko da, etengabeko hobekuntzak egiteko