Arraseta berdeago eta biziago dago orain
Legazpiko Udalak antolatutako Zuhaitz Egunean, hesi biziak landatu dituzte herrigunetik gertu dagoen mendi horretan. Joseba Garmendia adituaren azalpenak izan zituzten lagun partaideek.
Zuhaitz Egunari esker, Legazpiko Arraseta mendiko herri txabolaren ingurua berdeagoa eta biziagoa da igandetik, hesi biziak landatu zituzten eta bertan. Ia goiz osoa hartu zien landaketa lanak, eta parte hartu zuten 30 inguru legazpiarrek botanikan aditua den Joseba Garmendiaren laguntza eta azalpenak jaso zituzten. Besteak beste, aldatu zituzten landareekin osatuko diren hesi biziek bioaniztasunerako eta natur kontserbaziorako duten garrantzia azaldu zuen Garmendiak.
Igandekoarekin, 35 urteko ibilbideari jarraipena eman zion Zuhaitz Egunak, bi urtez etenda egon ondoren. Antolatzaileek adierazi dutenez, jarduera honen xedea “gazteek gure ingurunea ezagutzea eta ezagutza horren bitartez bertan ditugun basoak maitatzen, errespetatzen eta zaintzen ikastea da”. Alde horretatik, Zuhaitz Eguna bezalako ekimenak “naturarekiko ezagutza eta maitasuna belaunaldietan zehar transmititzeko, gure herriko gazte zein helduei helarazteko” beharrezkoak direla diote.
ARGAZKIAK: Legazpiko Udala