Atzera bueltarik ez
Emakumeen Nazioarteko Eguna girotzeko hainbat ekitaldi egin dira asteburuan. Elkarte feministak indartsu iritsiko dira martxoaren 8ra
Martxoaren 8a gaur den arren, Emakume Langileen Nazioarteko Egunaren harira antolatutako ekintzak asteburuan hasi ziren. Ostiralean, Beasainen, Asmubek erakusketa zabaldu zuen Igartza Jauregian edo, larunbatean, Zaldibian, Ttipi-ttapa zirkuitu morea osatu zuten 90 bat emakumek, esaterako.
Talde txikietan banatuta herriko plazatik abiatu ziren, Santa Barbararaino joan eta etorri. Batzuk, korrika eta beste batzuk, oinez. Hala, denak batera amaitu zuten, dantzan eta kantuan.
Parte hartzaileek taldeari eman zioten garrantzia. «Batera indartsuagoak gara eta lehenago lortuko dugu gizarte feminista bat». Beste partaide batek emakumeek kaleak hartzearen garrantzia nabarmendu zuen. «Berdintasunaren aldarria denoi dagokigu, gizonezkoei eta emakumezkoei. Baina gaur gu gara protagonistak».
Idiazabalen ere emakumeek hartu zuten herriko plaza. Izalgo Talde Feministak eta herriko ahalduntze eskolak Aizan! festa antolatu zuen. Dantzan aritu ziren aurrena, eta amaitutakoan mokadutxoa egin zuten.
Protestak, festa giroan
Legorretan inauteriak ospatu zituzten larunbatean. Festari ekin aurretik, Goierriko Koordinadora Feministak elkarretaratzea egin zuen herriko plazan.
«Bizitzea merezi duen mundu bat», eskatu zuten. Egungoa «kriminala eta jasanezina» dela zehaztu zuten, bereziki emakumeentzat zein sexu-genero disidenteentzat.
Aldaketa gauzatzeko «den-dena» erraustu behar dela aurrena esan zuten. «Egunero zapaltzen, erasotzen eta erailtzen gaituen sistema heteropatriarkal, kapitalista, arrazista, kapazitista hau kiskali nahi dugu». Eta mundu berria feminismotik eraiki, ondoren. «Feminismoa da bidea», esan zuten, «feminismo askotarikoa eta emakume guztioi irekia». Batasuna eskatu zuten. «Jendarteak indibidualismorantz bultzatzen bagaitu ere, guk lan kolektiboaren aldeko apustua egiten dugu. Urtez urte erakutsi baitugu elkarrekin geldiezinak garela».
Bihar ere borrokari eusteko aldarria egin zuten. «Ez gaitezen egun solte honetan geratu. Antolatu gaitezen dena aldatu eta kaleak, plazak, txokorik txikienak… borroka feministaz betetzen jarraitzeko, denak aske izan arte».
Itaiak ere festa eta borroka uztartu zituen. Goizean, Ordiziako D’Elikatuz zentroan eta arratsaldean Urretxuko eta Zumarragako eta Legazpiko gaztetxeetan hitzaldiak antolatu zituzten. Iluntzean kontzertuak izan ziren Legazpiko hiltegi zaharrean.