Domingo Agirre, aitzindarietako bat Mugimendu Autonomoaren lanketan
Haur Hezkuntzako gelak eraldatu egin dituzte 2020an lantzen hasitako metodologiara egokitzeko. Legazpiko eskolak beste eskoletako 80 bat irakasleren bisita jaso du
Duela urte batzuk Domingo Agirre eskolako Haur Hezkuntzako gelak ikusi eta erabili zituztenek ez lituzkete orain ezagutuko. Legazpiko eskola publikoak bere gain hartu zuen 2020an Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak martxan jarritako proiektu baten lanketa. Ordutik horretan dihardu, Mugimendu Autonomoa deritzan metodologia lantzen eta ezartzen.
Legazpikoa izan zen zonalde honetan proiektuan murgildu zen lehen eskola, eta aurreko astean orain arte egindako bidearen emaitzak erakutsi zizkieten, bigarren aldiz, beste eskola batzuetako irakasleei. Bisitariek bertatik bertara ezagutu ahal izan zuten Lehen Hezkuntzako geletan egindako eraldaketa.
Ekosistema ezberdinak
Ikasle txikien zirkulazio librean oinarritzen den metodologia da Mugimendu Autonomoa. Horretara egokitzeko, gelak goitik behera aldatu dituzte Domingo Agirren, eta ez dira lehen bezala «kolore itsusiz margotutakoak, mahaiez eta trastez betetakoak eta umeak ia ezin mugiturik zeuden lekuak», Bakartxo Martirikorena irakasleak azaldu zuen bezala.
Haur Hezkuntzako oraingo gelak «alaiagoak eta goxoagoak dira», eta haurren eskura jartzen diren materialak desberdinak dira: hondarra, pinu kaskarak, sukaldeko tresnak, intxaurrak… Betiko margoak, jostailuak edo ipuinak ere ez dira falta.
«Hainbat ekosistema proposatzen zaizkie, lengoia ezberdinak lantzeko». Eskolako eraikuntza nagusian, adibidez, 4 eta 5 urteko haurrentzako lau gela daude, beste hainbeste ekosistemekin. Ametsen ekosistema da bat, irakurketa edo idazmena lantzeko erabiltzen dutena. Arteari eskainitakoa da beste ekosistema bat, eta matematikena ere badago, non eraikuntzak eta antzeko jokoak dituzten. Laugarren ekosistema esperimentazioarena da, eta objektuen manipulazioa da bertan lantzen dutena. «Haurren ekimena eta autonomia garatzeko, zer egin nahi duten, nola egin nahi duten eta zeinekin egin nahi duten hautatzen uzten diegu».
Garapen osoa eta orekatua
Legazpiko eskolako hezitzaileek diotenez, «haurrak pozik eta gustura sentitzea nahi dugu» eta «arakatuz, esploratuz, hausnartuz, esperimentatuz eta manipulatuz», haien ezagupenak eraikitzen joateko bidea eskaintzen diete. Azken batean, «segurtasun afektiboa emanez, haur guztien garapen osoa eta orekatua lortzen laguntzea» da helburua.
Pasa den astean jasotako bisitariak Mugimendu Autonomoan lan egiteko konpromisoa eta bidea hartu duten eskoletako hezitzaileak ziren, 80 inguru. Hezkuntzaren berrikuntza eta hobekuntzarako laguntza zerbitzua eskaintzen duten Berritzeguneen formazio saioetan kokatzen dira bisita horiek. Juntadizoak deitzen dira formazio saioak, eta Mugimendu Autonomoaren inguruan egiten ari direnetan 110 eskola publiko ari dira parte hartzen.