Emakumeen berdintasunaren aldeko aldarrikapena kalera ateratzen hasi dira
Zaldibiako plazan elkarretaratzea egin dute, eguerdian. 1646an epaitutako hamar emakume zaldibiar gogoratu eta omendu dituzte, hamar arrosa gorri eskainita.
Zaldibian elkarretaratze jendetsua egin dute, gaur eguerdian, Martxoaren 8ko aldarrikapenak aireratzeko. Plazan bildu dira herritarrak, Lardizabal herri eskolako haurrak eta irakasleak eta udal ordezkariak, baita langileak ere. Gertakari historiko batekin irudikatu dute borroka feministaren oihua.
Ordiziako udal artxibategi historikoan aurkitutako agiri bat kontatu dute Eztitxu Mujika alkateak eta beste bederatzi lagunek, denak emakumezkoak. 1646an, ezkontzaz kanpo harremanak izateagatik auzipetutako eta epaitutako hamar emakume zaldibiarren gertarakaria gogoratu dute.
Banan-banan, arrosa gorri bana utzi dute plazaren erdian, orduan zigortutako emakume banaren izenean: Barbara Agirre, Maria Bauptista Agirre, Maria Albisu, Maria Bartzelona, Margarita Eleizegi, Maria Juaniz Iraola-Agirre, Katalina Iztueta, Maria Gartzia Jauregi, Maria Arroiz Mendiola eta Mariana Mendiola ziren emakume haiek, Juan Martinez Nazabal alkateak “desegoki, pekatuan eta eskandaluzko egoeran” bizi zirela ebatzi zuena. Arratsaldean, Ordiziako eskualde mailako manifestaziora joateko deia egin dute, eta gauean afaria egingo dute Joxepane tabernan.
Argazkiak: Aimar Maiz