Kaleetan ozen entzun da emakumeen ahotsa
Jendetsuak izan dira Martxoak 8 Emakumeen Nazioarteko Eguneko mobilizazioak .Ordizian, Beasainen, Legazpin, Urretxun eta Zumarragan kaleak bete dituzte.
Emakumeen Nazioarteko Egunean, kolore morea eta aldarriak kalera atera dituzte Goierriko emakumeek. Beste urte batzuetako batasun irudirik izan ez bada ere, herriz herri bilkura eta manifestazio jendetsuak egin dituzte.
Goierriko Mugimendu Feministak deituta Ordizian egin dute gaur eskualde mailako mobilizazio nagusia. 19:00etan abiatu da manifestazioa, eta ondoren, Barrena parkean ekitaldi batekin bukatu dute martxa. Ordu berean, Itaiak deitutako manifestazioa egin dute Beasainen, Bideluze plazatik abiatuta. Udalak, Asmibek eta Oriako Lamiek deitutako elkarretaratzea ere, garai berean izan da. Urretxu-Zumarragan eta Legazpin ere, mobilizazio jendetsuak egin dituzte.