Kukue tabernak kulturari eskainiko dizkio mikrofonoak hilean behin
Mikro irekien saioak egingo ditu, herriko musikari, bakarlari eta gainerako artistei zuzenduta. Lehen emanaldia bihar da, bost musikarirekin. Aurrerago, kontzertuak
Open mic edo mikro irekien saioak antolatu ditu Legazpiko Kukue tabernak, herriko bakarlari, musikari, antzezle, komiko, mago eta bestelako artistei zuzenduta. Lehen saioa ostegunean izango da, 19:00etan hasita, eta bost musikarik parte hartuko dute. Hilero saio bat egitea da asmoa, ostegunetan, ostegun iluntzeak dinamizatuz.
Mikro irekiekin tabernan kulturari gune bat eskaintzea nahi dute Kukuekoek. «Guk bitartekoak jarriko ditugu, hau da, mikrofonoa, bozgorailuak eta behar duten azpiegitura utziko diegu», egitasmoaren bultzatzailea den Toño Fernandezek azaldu duenez. «Helburua da jendea kulturalki adierazteko gune bat izatea gure taberna».
Musika kultura handikoa
Musika, antzerkia, magia… diziplina ugariri begira martxan jarritako ekimena da Kukuekoa. Inguruan ez du ezagutzen Fernandezek antzekorik, baina badaki Zaragoza (Aragoi, Espainia) bezalako hiri handietan egiten dituztela, eta enpresak ere badaudela horretara dedikatutakoak. Saio horien berri izanda, Kukue taberna handia denez, espazio aldetik emanaldi txiki horietarako modua bazegoela ikusi zuen. Gainera, Legazpin aukera hori baliatuko lukeen jendea badagoela ere sumatu zuen. «Hemen musika kultura handia dago, talde asko daude, eta horiekin saio batzuk betetzeko aukerak ikusi genituen». Lehen saioa bihar bertan izango da, eta Yerko Ortiz musika irakaslearen bitartez iritsiko dira bost musika talde txiki eta bakarlari. «Jendea emaitzarekin gustura geratzen bada, hurrengo hilean beste bat egingo dugu, eta horrela, hilero».
Mikro irekien lehen festarako kartela osatuta dago, baina hurrengoetan parte hartu nahi dutenek aurreko egunetan eman beharko dute izena tabernan bertan, antolaketa errazteko.
Kontzertuak eta karaokea
Biharkoa ez da lehen aldia izango Kukuen zuzeneko musika entzungo dena, aurretik ere kontzertu bat baino gehiago egin dituztelako bertan. Orain, egitasmo berri honek ekar dezakeen inertzia baliatuz, berreskuratu egingo dituzte kontzertuak.
Beste proiektu bat ere badute Plazaola kaleko taberna honetan, karaokea. Hori ere ez da inguruko herrietan egiten, eta proposamen dibertigarri hori ostiral iluntzetarako izango litzateke.
Tabernako jarduerari gehiago lotuta daude aurrerago egin nahi dituzten garagardo dastaketak. Proiektuak ez dituzte falta.