Antzizar kiroldegiko sarrera, %15 merkeago
Beasaingo Udalak kiroldegiaren kudeaketa eredua aldatuko du. Emakida formula erabiliko dute, galeren erantzule ez egiteko. Plaka fotovoltaikoak jarriko dituzte
Beasaingo Udalak eta Masquatro Atzizar kiroldegiaren enpresa ustiatzaileak sinatutako kontratuaren urtebeteko luzapena agortzear denez, esleipen berrirako baldintzak eztabaidatu zituzten otsailari zegokion osoko bilkuran. Kontratu berria emakida formularen pean sinatuko da. Hala, udalak 965.000 euro jarriko ditu lau urtetan, asko jota. Diru horrekin eta bazkideen tarifarekin gastuak ordaintzeko nahiko ez bada, enpresa ustiatzaileak jarri beharko du falta dena.
Pandemia garaian Antzizargo bazkideen %30ak baja eman du. Sortutako desoreka berdintzeko udalak kreditu gehigarri onartu zuen. EH Bilduk soilik bozkatu zuen kreditu gehigarriaren aurka. Koalizio abertzaleak zehaztu zuen ez dagoela dirua jartzearen aurka, baina herritar guztiek ordainduko dutenez, bazkideek eta ez bazkideek, eta trukean ere denei eman behar zaiela zerbait azpimarratu zuten.
Leire Artola alkateak azpimarratu zuen kiroldegiko gastuak egonkorrak direla, baina diru sarrerak ez. «Gastuak estrukturalak dira baina diru-sarrerak aldakorrak dira. Pandemiak argi erakutsi du bazkide kopurua azkar aldatu daitekeela».
Gastuen artean, hamar eurotik bederatzi, soldatak eta argindar-fakturak ordaintzera bideratzen dira. 2023rako udalak teilatua plaka fotovoltaikoekin estaliko du eta, horrela, eraikinak kontsumitzen duen energiaren %31,1 eskuratuko da. «Ondo bidean» udazkenerako lanak hasita egotea espero du administrazioak, eta egikaritze epea hamazazpi astekoa izango da. Lizitazio prezioa 296.213,50 eurokoa —gehi BEZ— da. Zortzi urtean amortizatuta egongo da, gutxi gorabehera, elektrizitatearen merkatuko prezioaren arabera.
Gastuak txikituta, sarrerak merketu ahalko direla azpimarratu zuen Artolak. %15, zehazki. Egungo helduen sarrera orokorra 11,50 eurokoa da. Tarifak ordaintzeko laguntzak emango ditu udalak, hala nola, lehen hilabetea ez ordaintzea. Hamar saioko bonuak eta familia monoparentalentzako tarifa propioa ere izango dira.
Indarrak berreskuratzeko
EH Bilduk, kuotak merketzea baino, norberaren diru sarreren araberako tarifikazio sistema eskatu zuen. «Justuena izango litzateke. Herritar guztien eskura egon behar duen zerbitzu bat da kiroldegia, diru publikoz hornitzen ari garelako», esan zuen Nerea Manzisidor EH Bilduko bozeramaileak. Egungo kiroldegia «elitista» dela gaineratu zuen.
Artolak ez zuen ukatu. «Gure aurrekoek erabaki zuten Beasainek halako kiroldegi bat behar zuela». Eta herritarren artean onarpena izan duela azpimarratu zuen, 6.500 bazkide ere izatera heldu delako. Dena den, udal gobernuarentzat ez dela «oinarrizko zerbitzua» zehaztu zuen. «Osasunagatik benetan behar duenak baditu laguntzak eta tresnak erabiltzaile izateko». Kudeaketa publiko-pribatua ere defendatu zuen, EH Bilduren publifikazioaren eskaeraren aurrean.
Etorkizuneko Antzizarrek taberna berria ere izango du. Sarrera nagusiaren alboan eraikiko dute. Erabiltzaileek kiroldegian bertan berreskuratu ahalko dituzte indarrak. Gainerako herritarrek ere joan ahalko dute, barrara iristeko ez delako kiroldegira sartu beharrik izango.