Euskal Herriko mus lehiako beste zazpi kanporaketa jokatuko dira, gaurtik jaira
Bigarren asteburu mardula izango du 13. mus txapelketak herrika. Seguran jokatuko den Gipuzkoako finalerako bikote batzuk sailkatu dira. Asteburuko lehen musaldia gaur da Legazpin
Pandemiatik irteeran, Euskal Herriko 13. Mus Txapelketa ari da bidea egiten. Herrikako kanporaketen garaian dago, eta lehengo asteburua bezala datorrena, kanporaketa ugariko aldiak izango dira Goierrin. Ostiralean Seguran, Araman, eta larunbatean Idiazabalen, Beasainen eta Zegaman jokatu zuten.
Idiazabaldik M. A. Iparragirre eta Abdoul sailkatu dira Seguran jokatuko den Gipuzkoako finalera. Beasainen, Arrano tabernan 18 bikote aritu ziren. Garaile Alex Anduaga eta Xabi Mikelarena geratu ziren, eta bigarren Andoni Mikelarena eta Eneko Ruiz.
Seguran (23 bikote), hiru joango dira finalera: Xalbador Agirre-Felix Lardizabal irabazleak, Beñat Jauregi-Beñat Intxausti, Xabier Suarez-Beñat Matxain.
Hurrengoak, gaurtik
Zegama, Tartaloetxe elkartean, Mikel Rey eta Josu Oiarbide (finalera) izan dira irabazle, eta Jose Julian Segurajauregi eta Joxe Ramon Zurutuza bigarren.
Asteburu honetarako, berriz, zazpi herritan iragarri dituzte mus saioak. Gaur da lehenbizikoa, Legazpin (21:30ean, Karibe Zaharra tabernan). Bihar, ostirala, berriz, Zerainen (22:00etan, Liztormendi elkartean) jokatuko dute, eta Mutiloan (21:30ean, Txerri Gorri elkartean). Larunbaterako hiru hitzordu daude: Zaldibian (16:00, Zubi-Buru elkartean), saritzat lehen bi bikoteentzat bina afari jarrita; Ormaiztegin (21:30, Itxune tabernan), eta Arriaranen (16:30, Intxaurpe elkartean). Gabirian igandean antolatuko dute, 17:30ean, Osinalde elkartean.