Izal Baik salatu du 2022ko udal aurrekontuak «gaitasun gutxi» duela
Ohar batean adierazi du «udalak herritarrei ematen dien informazioa eskasa» dela eta «zorpetze oso handira joateko arriskua» dagoela. Aurrekontuen aurka bozkatu du Izal Baik
Idiazabalgo Izal Bai taldeak 2022ko udal aurrekontuak «inbertsiorako gaitasun gutxi» duela adierazi du komunikabideetara zabaldutako ohar baten bidez. Inoizko aurrekonturik handiena du udalak, 4.018.019 eurokoa, baina foru funtsaren igoera dela eta igo da batik bat. Iazkoarekin alderatuta, %7ko igoera izan du 2022ko aurrekontuak, eta Foru Funtsaren igoera %12koa izan da iazkoarekin alderatuta. Horren harira, Izal Baik salatu du, nahiz eta aurrekontua handia izan, «inbertsioetarako 231.000 euro bakarrik» dituela.
«Inbertsioak ez daude gainera behar adinako diru partidekin, eta horrek esan nahi du udalak dituen sarrerekin ez dela gai inbertsio horiek egiteko eta remanentetik tira egin behar duela». Gurutze Berriko proiektuari dagokionez, proiektua ejekutatzeko partidarik ez dagoela eta udalak horretarako zorpetzeko asmoa duela esan du taldeak. «Zorpetze oso handira joateko arriskua» dagoela ikusi dute, eta horrek «udala mugatuta» utzi dezakeela.
Inoizko aurrekonturik handiena gastu finkoetan erabiltzea leporatu diote alkatetza duen taldeari, horrek inbertsio gaitasauna «okertu» dezakeelako: «Sarrerak ez direnean orain bezain onak, aurre egin behar litzaiokeen gastu finkoa berdina izanik, are okerrago geratuko litzateke udalaren inbertsiorako gaitasuna, horrek esan nahi duen guztiarekin». Pertsonalaren gastua %18 igo dute aurten, eta Izal Baik dio iaz «%10 jaisteko helburua jarri» zutela.
Ekarpenak baztertuta
Beste aurrekontu proiektu bat aurkeztu zuen Izal Baik, 367.000 eurokoa, «errealista, gastu finkoa kontrolatuz eta inbertsioetarako diru gehiago bideratuz, aterpea egitea eta herri sarrerako asfaltatze lanak egitea» kontuan hartzen zuena. Alkatetza duen taldeak ekarpen «bat bera ere» ez zuen kontuan izan, azaldu dutenez, eta Izal Baik ezezkoa eman zion aurrekontuari.