Tapoiekin, eserlekua
Ekogela proiektuaren barruan, herritarrek emandako plastikozko tapoiekin eserlekua sortu du Ekomodo enpresak. Hondakinei bigarren bizitza bat ematea da helburua
Duela hilabete batzuk, plastikozko tapoi bilketa egiteko deia egin zuen Ordiziako Udalak. 3.500 tapoi biltzeko erronka ipini zuten, helburu batekin; eserleku bat, kalean kokatzeko banku bat sortzea. Aste honetan aurkeztu dute emaitza, bankuaren sortzaileekin Komodo enpresako ordezkariekin. Zuhaiztian dago edo bertara gerturatzen den edonork ikus, edo hobekiago esanda, bertan eser daiteke.
Ingurumenaren zaintza «gai estrategikoa» da Ordiziako Udalarentzat, 2030 Ekintza Planean jasota dagoen moduan, eta norabide horretan martxan jarri duen enegarren ekimena da, Ekogelaren proiektuaren barruan, Ekomodo enpresarekin batera, eta Ordiziako Jakintza, Urdaneta eta Oianguren ikastetxeekin elkarlanean garatu duten hau.
Tapoi bilketak erantzun bikaina izan zuen, «200 kilo tapoi» bildu zituzten. Horiek txikitu eta beharrezko prozesuarekin eserleku batean transformatu dute.
Maitane Alvarez Ordiziako Udaleko alkateordeak nabarmendu du, proiektua «oso interesgarria» iruditu zitzaiela, «azken finean, helburua ahalik eta hondakin gutxien sortzea bada ere, garrantzitsua delako dagoeneko sortuta dagoen hondakinei bigarren erabilera bat ematea». Eta horixe da tapoiekin egin dutena. Alvarezek gaineratu du, «ekonomia zirkularra zer den erakusten duen proiektua» ere badela honakoa, eta ez du zalantzarik egin, udaletik halako ekimenei babesa ematen jarraituko dutela esaterakoan.