Udal langileen soldatak %2 haziko dira; politikarienak, ere bai
Legeak onartutako maximoa da. EH Bildurentzat langileen soldatak gehiago hazi beharko lirateke eta politikarienak, gutxiago. Udal gobernuak dio entitate handiko erakundeen gomendioei segiz hartutako erabakia dela
Beasaingo Udaleko langile publikoen 2022ko ordainsariak %2 igoko dira iazkoarekin alderatuta. Atzeraeraginezko erabakia denez urtarrileko eta otsaileko soldatei ere eragingo dio aldaketak.
EH Bildu abstenitu egin zen. Kontsumo Prezioaren Indizea 2021ean %6,4 hazi zenez soldatak %2 haztea gutxiegi dela deritzote. “Badakigu hazkundea legez mugatuta dagoela, baina aztertu beharko lirateke formula batzuk, gehigarriak edo, bizimoduaren garestitzeari oreka bat bilatzeko”, proposatu zuen Hasier Agirre zinegotziak.
Leire Artola alkateak onartu zuen “deskonpentsazioa” egon badagoela, eta etorkizunean langileen soldatak hobetzeko proposamenak aztertzeko “prest” agertu zen. “Guri ere, erakunde gisa, badagokigu aldaketak egon daitezen eragitea eta KPIaren igoera konpentsatzeko moduak aurkitzea”. Baina EH Bilduko zinegotziari erantzun zion hazkundea 2022rako Espainiar estatuko aurrekontu-legeak onartutako handiena dela. Eudelek ere %2a gainditu gabe ere ahal den gehien haztea gomendatzen duela gaineratu zuen.
Politikarienak ere, gora
Dedikazio esklusiboa edo partziala duten zinegotzien soldatak ere %2 haziko dira. Kasu honetan, Eusko Jaurlaritzako gobernu kontseiluak kudeatzen ditu politikarien eta alderdi politikoen designazioak eta beraiek gomendatutako maximoa da.
EH Bilduk aurka bozkatu zuen kasu honetan. «Urtero salatu dugu udal honen kostu politiko handia. Izugarria iruditzen zaigu», azpimarratu zuen Agirrek. «Alkatea, alkateordea, bi liberatu erdi, konfiantzazko pertsona, talde politikoei dagokien partida, indemnizazioak… Nahiko gastu da. Eta %2a gehiago ba…».
PSE-EE abstenitu egin zen. Oraingo soldatak «neurrigabeak» eta «gehiegizkoak» direla esan zuen Eva Alvarez sozialisten bozeramaileak, eta «aspaldidanik» hauek gutxitzeko eskatzen dabiltzanez, «koherentziagatik», hazkundea ez zutela babestuko argudiatu zuen.
Erabakiak Eusko Jaurlaritzaren babesa duela esanez defendatu zen Artola. 2020an KPI txikitu egin zela eta 2021eko soldatak %0,9 hazi zela ere gogoratu zuen. Beasaingo alkateak 73.200 euro baino gehiagoko soldata gordina du. Soldata horren araberakoak dira liberatuen ordainsariak. Alkateaz gain, Adur Ugartemendia alkateordea –lanaldi osoan–, Xabier Matarranz eta Elena Ruiz zinegotzi jeltzaleak –lanaldi erdian– eta Yolanda Hernandez EH Bilduko zinegotzia –lanaldi osoan– daude liberatuta.