Ugartemendiko bidegurutzea astelehenean hasiko dira zulatzen
Asteazkenera arte errail bat moztuta egongo da eta trafikoa txandaka igaroko da. Txindoki institutura doan espaloia ere egokitu egingo dute lanak dirauten bitartean
Ugartemendiko bidegurutzea biribilgune bilakatzeko lanak beste fase batean sartuko dira astelehenean. Errepidea zulatzen hasiko dira, behin lizitazioak eta prestaketa lanak amaituta. Errail bat moztea ezinbestekoa da eta, ondorioz, ibilgailuek txandaka igaro beharko dute Txintxurreta eraikinaren paretik asteazkenera arte. Txindoki institutura doan espaloia ere itxi egingo dute eta behin behineko bat, zabaldu.
Lehen | Orain |
Aintzane Oiarbide Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako diputatuak afekzioak “ahalik eta gutxienak” izaten saiatuko direla esan zuen maiatzean, lanen nondik norakoak aurkeztean. Bertan lanean ari diren beharginek, baina, ez dela lan erraza izango diote, trafikoaren dentsitate handiagatik. Egunero 9.000 ibilgailu igarotzen dira bertatik, gutxi gorabehera, Gipuzkoako Foru Aldundiaren datuek diotenez.
Trafikoa arintzea da lanen funtsa. ‘T’ itsurako bidegurutzeak ez du laguntzen, N-1 errepidera sartu nahi dutenek gelditu beharra dutelako eta atzekoei ez dietelako aurrera egiten uzten. Gainera, ibilgailu asko inguruko industria guneetatik datozen tamaina handiko kamioak dira eta maniobratu beharra izaten dute, bi errailak blokeatuz. Biribilgunea egingo dute trafikoa horren astuna izan ez dadin. Oiarbidek azaldu zuen biribilgunea ez dela «oso handia» izango: 28 metroko kanpo diametroa izango du eta eraztunetan mailakatuta egongo da. Azkeneko eraztuna zapalgarria izango da, tamaina handiko ibilgailuak gainetik pasa daitezen eta maniobratzeko erraztasunak izan ditzaten. Tamainak tamaina, Txintxurreta alboko berdegunearen zati bat jan egingo du biribilguneak.
Lanek hiru hilabeteko egikaritze epea dute. Halere, aurreikusi baino beranduago hasiko dira. Foru Aldundiak 2021. aurte amaierarako lanak hasita egotea nahi zuen, baina lizitazioak luzatu egin zirenez ez zen posible izan. 327.000 euro pasako aurrekontua dute.
Aldaketa txikia, onura handiak
Artolak bidegurutzea «herriko puntu beltzetako bat» dela aitortu zuen maiatzean. Aldaketarekin, trafikoa arintzeaz gain, auzotarren segurtasuna handituko dela esan zuen. «Aldaketa txikia izango da baina berebiziko onurak ekarriko ditu». Beasaingo Udalak «herri erosoagoa, atseginagoa, iraunkorragoa eta irisgarriagoa» lortzeko duen ardura berretsi zuen.