Uztarri bereko bi buruek gazta bakarra
Idiazabal Jatorrizko Izendapeneko gazta berria salgai da Abel Goiburu ekoizle idiazabaldarraren eskutik.
Abel Goiburuk aurkeztu du beraien gazta. 2019an etortzen hasi ziren Naroa Irigoien eta Abel, urtarrilaren 16an hain zuzen ere, eta urteko gazta bukatu arte astero izan ohi dira azokan. Sarri ikusten ez den bi familien arteko elkarlana da Goiburu gaztaren atzean dagoena.
Izan ere Aritz Katarain aritzen da artzain lanetan eta ardi horien esnearekin Abel arduratzen da Goiburu gazta egitez. Zuria, naturala alegia (19,5€/k) eta ketua (20€/K) aukeran. Biak ere antzera saltzen omen dira baina lehena gehixeago eta hutsean plastifikatua besteari nagusitzen zaiola esaten zuen Abelek.
Azaroko azken astean hasi ziren gazta egiten eta ia asteroko salmentak ziurtatzeko adinako kopurura iritsi direnean hasi da Ordiziara etortzen.
Hilabete bukaera arte
Bestalde, Gozatu bere erregin jalea, propoleoa eta polena baditu baina ezti guztia saldu du eta atzo Erlandere eztia eskaintzen zuen. Nafarroako Arbaizako hiru mota: milalore, izpilikua eta basoko (artea) ezti ekologikoa da. Hilabete bukaera arte edo segituko du hemen eta udaberrian sartu orduko buru belarri erleekin hasiko da.
Landaretan berririk ez bada ere tipulak landatzeko garai bete-betean gaudela oroit arazten zigun Arantxa Iparragirre Ibarrako Montesenekoak mota ezberdinak aukeran 3,5€/z. Bestalde arbolak landatzeko edota txertatzeko asmorik inork balu bizkor ibili dadila, denboraldia aurrera baitoa.
Azenario berriak ekarri ditu Iñaki Telleriak, «negutegikoak dira eta orain segituan garatzen dira» ekarritakoak laster saldu ditu 2€/sorta. Aire librean ere izan daitezke oraindik baina mozorroa sartzen zaie eta desitxuratu egiten dira. Laster ilarrak ekarriko dituzte ondo bidean, garai honetan negutegikoak salgai izatea gertatu izan da.
Lehen kala sortak
Hemendik aurrera geroz eta gehiago hitz egingo dugu loreei buruz, poliki-poliki ari delako aukera handitzen, nahiz eta hotz arriskua baden oraindik eta zuhur jokatzea komeni den. Lore moztuen artean atzo kalak aukeran, 4€/sorta Mutiloako Juanita Murgiondok.
Udaberria gerturatuz
«Nolako txori kantuen eromena egunsentian, gaur bezalako egun garbitan batez ere, laster antz ematen dute haiek tristea edo eguzkitsua datorren». Pepita Aiestarainen hitzak udaberriaren gerturatzea pozik aipatuz.