Julen Gonzalez eta Ivan Apaolaza muslariak, Legazpiko ordezkariak Seguran
Karibe Zaharrean atzo jokatu zuten kanporaketan lortu zuten txartela Gipuzkoako finalerako.
Euskal Herriko Mus Txapelketaren 13. ediziorako Legazpitik izena emandako zortzi bikoteen artean, Julen Gonzalezek eta Ivan Apaolazak eskuratu dute Gipuzkoako finalerako pasea. Atzo egin zuten kanporaketa Karibe Zaharra tabernan, eta Gonzalezek eta Apaolazak Ortzik eta Txuskok osatutako bikoa hartu zuten mendean. Gipuzkoako finala Seguran jokatuko da martxoko azken asteburuan.
Legazpiko kanporaketako partaideen artean, hainbatetan Euskal Herriko finalean izan diren Joseba Telleria eta Joseba Gabilondo ere baziren, baina oraingoan hirugarren postuarekin konformatu behar izan dira. Bi Josebek, hala ere, jokatzeke dute oraindik aurreko txapelketaren finala, pandemiak bertan behera utzi zuelako. Final hori apirilaren 2an jokatuko dute Leitzan (Nafarroa).