Kontuz! Erromeriak amaitu dira
Legazpiko bost musikari gaztek osatutako Kontuz! Erromeriya taldeak agur esan du. Bihar dute azken kontzertua Gaztetxean, ia lau urteko ibilbide emankorra itxiz.
Makina bat gaztetxe, plaza eta txosnagune musikaz eta dantzaz bete eta gero, amaiera iritsi zaio Legazpiko Kontuz! Erromeriya taldeari. Bihar egingo dute azken kontzertua Gaztetxean Jon Altolagirrek, Alazne Leachek, Ane Arrizabalagak, Jon Unzurrunzagak eta Xabi Ugartek. Hiru urtetik gorako ibilbide bizia eta ahaztezina utziko dute atzean.
Biharko kontzertua emozioz beterikoa izango dela agindu dute, eta sorpresaren bat edo beste izango dela ere bai. 22:00etan hasita, Galtza Gorriak eta Baizera taldeek joko dute lehenik, eta azkenik, legazpiarren txanda izango da. Kontzertua Mataderoaren 25. urteurrena ospatzeko ekitaldien barruan kokatzen da.
Doinuan hezitakoak
«Istorio guztiek dute amaiera» taldeak agurrerako kaleratu duen idatzian jasotzen den bezala, baina baita hasiera ere. Kontuz! Erromeriya sei lagunek osatu zuten, oraindik 15 eta 16 urte zituztenean (Ane Urtzelai zen seigarren kidea). Lagunak ziren, Doinua Musika Eskolan heziak, eta konboen esperientziatik abiatuta, erromeria talde bat osatzea erabaki zuten, bateria, bi gitarra, trikitixa eta panderoa, baxua eta ahotsak elkartuta. Txitxiki lokalean jarri zuten egoitza, eta bertan sortu zen taldea. Gero, Doinuara pasa ziren entseatzera, Aitor Madina zuzendariaren laguntzari esker. Azken etapa Subeltzako lokalean egin dute.
2018 abenduaren 1eko iluntzean egin zuten debuta, Legazpiko Olentzero Azokan, elkartu eta lau hilabete eskasera. Sei musikari gazteek txundituta utzi zuten publikoa, eszenatokian erakutsi zuten indarragatik eta trebeziagatik. Egunean bertan, gauean, Urretxuko gaztetxean jo zuten, eta gero, beste leku askotan. Legazpi, Beasain, Oñati, Lasarte, Azpeitia, Laudio (Araba), Elorrio (Bizkaia)… gaztetxez gaztetxe eta festaz festa ibili ziren 2019an, gurasoak garraio lanetan lagun zituztela. Antzeko aurreikuspenak zituzten 2020rako.
Baina beste guztiei bezala, pandemiak hegoak moztu zizkion gogoz eta ilusioz beterik zegoen taldeari. Bi emanaldi besterik ez dituzte egin ordutik, 2020ko udan bat, Lekanazpik antolatutako kontzertu akustikoan, eta bestea iazko udan Agirre-etxeberri parkean, udalak antolatuta. Gehiago ez, eta biharko saioa izango da azkena.
Musika odolean
Legazpiko Santikutzetan plaza bete zutenekoa, Subeltza egunean Gaztetxean egin zutena, Beasaingo jaietan txosna osoa dantzan jarri zutena, pandemian Legazpinsortzecovidea webgunean egindako saioa, Agorreko Santikutzetako txosnakoa… Emanaldi bat baino gehiago dituzte gogoratzeko, baina ederrena biharkoa izango dela diote.
Taldearen amaiera iritsi da, hala gertatu delako, eta lehen aipatutako idatzian jasotzen den bezala, «agur guztiek dakarten samina dakar» amaiera horrek. Bide berriak ireki nahi dituzte orain bost musikariek, batzuek irekita dituzte dagoeneko. «Kontuz-ek agur dio, baina musikak taldekideon odolean dirau, bakoitzak bere bidetik, baina oholtzean elkar ikusten jarraituko dugu».