Eraldaketaren fabrika, ereinda
Jakin-mina piztu du Biziola Fabrikaren aurkezpenak. Goierri «burujabeago, orekatuago eta iraunkorragoa» izan dadin, askotariko proiektuak bultzatuko ditu ekimenak, kooperatiba eran.
Ekimen sozial eraldatzaileen inguruan, han-hemenka sarri eta ugari garatu diren proiektuak «behingoz» bateratzeko ahalegina egitearen poza azaldu zen, larunbat goizean, Lazkaoko Biziola Fabrikan. Eskualdeari begira, garapen jasangarri eta iraunkorraren arauetara jardungo duen proiektu sozioekonomikoa aurkeztu zuten, urrian Beasainen oinarriak jarri ondoren.
Goierri guztiko 130 bat lagun bildu ziren Arruabarrena gozogintza enpresaren pabilioietara, Biziolako kide Mikel Alvarezek eta Naroa Elortzak aurkeztua. Lehenbiziko aldiz erakutsi dituzte Biziolak erabiliko dituen instalazioak. Biluzik eta hutsik daude oraindik, eta han garatzeko aukera, gonbita eta eskaintza egin dute.
Azaldu dutenez, Biziolan «Goierriko herritarrak, ekonomia sozial eraldatzaileko kooperatibak eta eragileak, eta eskualdeko bestelako erakunde, udal eta enpresak» batu nahi dituzte. Irabazi asmorik gabeko eta gizarte ekimeneko kooperatiba integrala izango da, eta batzar eratzailea maiatzaren 14an burutuko dute, Lazkaoko egoitzan.
Bazkidetza kanpaina
Biziolaren helburuak hiru direla aurreratu dute: Goierri «burujabeago, orekatuago eta iraunkorragoa» eraikitzea. Kooperatibako bazkide izango diren herritar, erakunde nahiz enpresak proiektura batzeko kanpaina hasi dute. Larunbatean, Biziolan bertan bete zituzten herritar askok bazkide izateko eskaera-orriak. Maiatzaren 14ko sorrera-batzarrerako 500 bazkide eta 100.000 euroko kapitala erakarri nahi dute.
Herriz herri aurkezpenak egiteko prest agertu dira, beti ere herritarrek eurek bultzatuta eta eskatuta, «guztion artean» eraiki beharreko proiektutzat jo baitute Biziola.
Hiru motatako bazkidetzak bereizi dituzte. Bazkide erabiltzaileak, batetik, «oinarria eta motorea» izango direnak. Bi atal banatu dituzte multzo horren barruan ere: bazkide erabiltzaile fisikoak (herritarrak, batzar orokorraren %30) eta bazkide erabiltzaile juridikoak (ekonomia eraldatzailean diharduten eragile nahiz kooperatibak, %30).
Bazkide mota horrek urtean gutxienez 50 euroko ekarpena egingo du, eta kuota gisa mantenduko da ekitaldi oro.
Bestetik, bazkide laguntzailearen figuran (batzarraren %10) Biziola lagundu nahi duten enpresak eta erakundeak sartuko dira, 1.000 euroko ekarpena egingo dutenak. Hirugarren multzoan, lan bazkideetan (%30), proiektuan egunerokoan lan egingo duten bazkideak.













