«Oso egoera larrian jarri gaituzte»
Hiru sindikatuak bat egin du estatu mailako garraio grebarekin, gasolioaren igoerak okertu egin duelako garraiolarien egoera. Hiruko exekutiba mahaiko kidea da Agirre, eta ondo ezagutzen du sektorea.
Zergatik deitu da orain greba?
Espainiako Garraioaren Defentsarako Plataformak deitu du estatu mailan, gasolioaren prezioaren igoerak egonezina sortu duelako eta oso egoera larrian sartu gaituelako garraiolari autonomo asko. Hiru sindikatuak bat egin du greba honekin, gure aldarrikapenak ere berdinak direlako.
Ukrainako inbasioak eragin du gasolioaren igoera.
Egia da aurreko urtearen amaieran hasi zela gasolioa igotzen, eta urte hasieran ere igotzen jarraitu duela, baina azken egunotako egoerarekin izugarri altxatu da prezioa. Urte hasieratik hona litroko 49-50 zentimo igo da.
Nola eragin dizue horrek?
Gure kostuek gora egin dute, baina guri garraio lanak egiteagatik ordaintzen digutena, portea, ez dute igo orokorrean, edo ez proportzio berean. Ondorioz, soldata asko murriztu zaigu, eta batzuei ez zaie soldatarako adina ere geratzen. Oso egoera larrian jarri gaitu honek.
Aurretik nola zegoen sektorea?
Pandemiaren hasiera oso latza izan zen askorentzat. Lan egin genuen, baina jatetxeak itxita zeuden, lantegi askotan ezin ginen barrura sartu… eta horrek eragin negatiboa izan zuen, oso nekatuta bukatu genuen.
Grebarekin zer eskatzen duzue?
Lehenik, garraioaren prezioa erregaiaren igoerara egokitzea eskatzen diegu zamaketariei eta agentziei, eta prezio hori gutxienez hilero berrikustea. Administrazioari ere luzatzen dizkiogu eskaerak, eta orokorrean, sektorea berriz arautzea nahi dugu.
Administrazioak oso baztertuta dauka garraiogintza, eta behar bezala heldu diezaiola eskatzen diogu. Jubilazioak 60 urteetara jaistea edo istripu profesionalak onartzea dira eskatzen ditugun puntuetako batzuk. Aspaldiko urteetako eskaerak dira.
Nola doa greba?
Guk grebarekin bat egin genuenean, lehen eguna [atzo] zamaketariekin eta agentziekin prezioak negoziatzeko izango zela erabaki genuen. Batzuk ari dira horretan, eta batzuek lortu dute zerbait.
Biharko [gaur] mobilizazioak deitu ditugu Iruñean, eta asteazkenerako Gasteizen. Gero ikusiko dugu mobilizazio gehiago egingo ditugun ala ez.
Goierrin nolako jarraipena du grebak?
Badakigu batzuk lanean ari direla, batez ere kanpora joaten direnak. Estatu espainolera edo atzerrira joaten direnak seguraski ostiralean kargatuta iritsiko ziren, eta gaur goizean [atzo] hus-
ten jardungo zuten. Horiek mugitu dira, eta gero, atzerrira pasoan doazenak ere ikusi ditugu N-Iean, baina hor, adibidez, ez da ikusi beste egunetako mugimendurik, goizean behintzat.
Noiz arte izango da greba?
Gure partetik ahalik eta azkarren konpontzea nahi dugu, baina ez dago gure esku.
Ondorioak izango ditu, ezta?
Garraioaren beste greba batzuetan ikusi izan da enpresek eta azken kontsumitzaileek jasaten dituztela ondorioak. Hau ere luze joaten bada, berdin gertatuko da. Baina esan dudan bezala, guk dena jarriko dugu egoera hau azkar konpontzeko.
Zuk urte asko daramazu garraiolari gisa eta sektorearen eboluzioa ezagutu duzu.
Sektorearen gaurko egoera oso latza da, nik ez dut horrela ikusi sekula santan. Ez dakit zer gertatuko den, egia esan. Aurrera begira ere ez dago aurreikuspen onik, erreleborik ez datorrelako. Lau-bost urte barru agian Ingalaterran gertatu zena ikusiko dugu, txoferrik gabe gertatatzea.
Zergatik ez dago erreleborik? Ez al da lan erakargarria?
Ez. Ordu asko egin behar duzu lanean, soldatak askotan txikiak dira… Lantegian, aldiz, ordutegi finkoa duzu, soldata ona, eta gainera, egunero etxean zaude, asteburuak izaten dituzu, zubiak ere bai… Gure lan honetan askotan ez dugu hori izaten, etxetik kanpo ordu asko egoten garelako, eta horrek pisua dauka gure lanbide hau aukeratzean.