Goierri garaiko 16 urtez azpiko kirolarien %67a euskaraz aritzen da
Urola Garaia Udal Elkarteak neurketa egin du. Neskek mutilek baino gehiago erabiltzen dute euskara. Taldeen %60ak euskara hutsean entrenatzen du
Urola Garaia Udal Elkarteak euskararen erabilera neurtu du 16 urtez azpiko haur eta gaztetxoen kirol entrenamenduetan eta jendaurreko ekitaldietan. Neurketaren arabera, kirolarien %67ak euskara erabiltzen du.
Neurketaren datuak atzo aurkeztu zituzten Urretxuko udaletxean. Ekitaldian, Jon Luqui udal elkarteko lehendakari eta Urretxuko alkateak, Nerea Errasti Zumarragako zinegotziak, Amaia Zaldua eta Iñigo Imaz Legazpiko zinegotziek, Joseba Beltza Emun-eko teknikariak eta Kerman Garraldak parte hartu zuten. Azken hau GOIERRIKO HITZAko langilea da eta Euskara Urola Garaiko kirolean liburuxka idatzi du, udal elkarteak eskatuta.
Beltza izan zen datuak eman zituena. Honakoa bigarren diagnostikoa dela esan zuen. «Lehenengoa 2019ko udazkenean egin zen eta bigarren hau 2021eko udazken eta neguan. Duela bi urteko galdetegi berbera erabili digu, bi diagnostikoak konparatu ahal izateko».
22 kirol elkarte
Goierri garaian 22 kirol elkarte daude. Horiek 70 talde dituzte. Talde horietan 1.323 haur eta gaztek egiten duten kirola, 134 entrenatzailek lagunduta. 22 klub horietatik, 18k erantzun dute galdetegia. Bi herenek, %67ak, entrenamenduak euskaraz egiten dituzte. Datu hori duela bi urteko bera da. «%23a ez dago oso argi: entrenatzaile batek euskaraz egiten duelako eta besteak gazteleraz, datua ez dutelako argi eman… %9ak, berriz, entrenamendua gazteleraz egiten du».
Aipatzekoa da neskek euskara mutilek baino gehiago erabiltzen dutela. «Neskak dauden taldeetan, %77ak entrenamenduak euskaraz egiten ditu. Mutilen kasuan, kasuen %48an euskaraz edo gazteleraz entrenatzen duten zalantzazkoa da. Hurrengo neurketetan argitu beharreko datua da».
Azterketan parte hartu duten 18 klubetatik, bederatzitan euskaraz entrenatzen dute. Taldeen %60ak euskara hutsean entrenatzen du. Entrenatzaileei dagokienez, 95 euskaraz aritzen dira: %72a.
Beltzak kirol bakoitzak bizi duen errealitateaz ere hitz egin zuen. «Futbolean eta eskubaloian ematen dira ezezagutza kasu gehienak. Jende asko biltzen dutenez, eragin handia dute datu orokorrean. Futbolak kirolari guztien laurdena hartzen du».
Herriz herriko datuei dagokienez, Ezkion klub bakarra dago: pilota eskola. «Euskaraz egiten dute, noski. Legazpin, Urretxun eta Zumarragan datuak antzerakoak dira. Legazpin apur bat gehiago egiten da euskaraz, baina aldea txikia da».
Garraldak martxoaren 21etik aurrera Goierri garaiko etxe guztietan banatuko den aldizkariari buruz hitz egin zuen. Aldizkarian euskara hutsean aritzen diren 42 taldeen zerrenda eta Garraldak egindako zortzi elkarrizketa jaso dituzte.
Zortzi elkarrizketatuak Legazpiko La Salle eskubaloi taldeko Manolo Mugerza, Legazpiko Gazteak pilota eskolako Ander Perez, Ezkioko pilota eskolako Jose Mari Gabilondo, Urretxuko gimnasia erritmiko taldeko Ainhoa Aranbarri, Goierriren saskibaloi saileko Lukas Lopez, Urola eskubaloi klubeko Samuel Segade, Urola futbol taldeko Ainhoa Plagaro eta Legazpiko judo klubeko Asier Berasategi.
Zortzi klub horietan euskaraz lan egiten dute. «Ezkioko pilota eskolakoek Ezkion pilotan gazteleraz egitea arrotza egingo litzaiekeela esan zuten. Guztiek balioak zaintzen dituztela esan zuten eta balio horietako bat euskararen erabilera dela aipatu zuten. Entrenatzaileen papera oso garrantzitsua dela esan zuten». Hala, Garraldak klubak entrenatzaile euskaldunak hartzera gonbidatu zituen.
Hiztegi teknikoa
Hiztegi teknikoari buruz ere hitz egin zioten. «Gaztelerazko hiztegi teknikoa erabiltzeko ohitura dutela esan zuten eta hori ere landu beharreko gaia da».
Bukatzeko, Luquik udaletako euskara teknikariei eta klubetan euskararen alde lan egiten dutenei eskerrak eman zizkien. «Lan honekin, euskara sustatzeko lanean kirolaren arloan egin dena erakutsi nahi dugu. Eskerrak eman nahi dizkiegu kirol elkarteei eta udaletako langileei».