Xabier Mendizabalen omenezko mendi lasterketa etzi itzuliko da
Bi urteko etenaren ondoren, bueltan da Arriarango Mendi Lasterketa. 23 kilometroko proba luzea eta 11 kilometroko motza egingo dituzte.
Xabier Mendizabalen oroimenezko Arriarango mendi lasterketa lehiatuko da etzi, bi urteko etenaren ostean. 2020an itxialdiaren erruz azken unean bertan behera utzi behar izan zuten eta 2021ean ezin izan zuten egin.
Bealak eta Intxaurpe elkarteak, probaren antolatzaileek, orain arteko ibilbideari eutsi diote. Hala, lasterketa motza eta luzea egingo dira. Motzak hamaika kilometro eta ia 500 metroko desnibel metatua izango ditu; luzeak, 23 kilometro eta 1.200 metroko desnibela. Irteera ordua aurreratu egin dute, baina. Proba luzeko korrikalariak 09:00etan abiatuko dira eta laburrekoak, 09:45ean. Haurren lasterketarik ez da egingo
Trail kopako bigarrena
150 korrikalarik baino gehiagok baieztatu dute irteera marran izango direla. Izen ematea bihar amaituko da. Azken unean izen emateek gora egiten duenez 200 korrikalari inguru izango dira.
Bi herenek proba luzea aukeratu dute. Parte hartzaile guztien artean Goierriko Bi Haundiak eta Marimurumendi egiteko dortsal transferigarri bana zozkatuko dute.
Arriarango Mendi Lasterketa Goierri Trail Kopako bigarren proba izango da, UZ Trailen atzetik. Ainhoa Unanue eta Ibai Larrea sprint modalitatean eta Onditz Iturbe eta Beñat Etxabe trail distantzian dira liderrak. Beraietako inork ez du baieztatuta Arriaranen izango denik.