Ane Negeruela izango da, atzera ere, Nogen taldearen ahotsa
Eider Saezek utzitako lekua hartuko du taldearen sorreran aritu zen lazkaotarrak. Etapa berriari ekiteko, zuzeneko akustikoan hainbat kanta grabatu dituzte, bideoan.
«Gure bihotzak soportatu dezaken emozio, ilusio eta zoriontasun guztiarekin kontatzen dizuegu hemendik aurrera Ane izango dela gurekin, behin izan genuen bezala, mobida guzti honi forma eta zentzua ematen. Ez daukagu hitzik». Sareetan zabaldutako mezu horrekin jakinarazi du Nogen musika taldeak Ane Negeruela izango dela abeslari berria.
Eider Saezen lekua hartuko du Negeruelak. Saezek iazko urtearen amaieran iragarri zuen taldea utziko zuela. Ia lau urte eman zituen taldean abeslari lazkaotarrak, baina uztea erabaki zuen, bere lekua jadanik taldean ez dagoela iritzita.
«Ezer ez da atzean uzten guztiz eta, hortaz, Nogenen hasiera berri baten atarian gaudela esateak edota ziklo ezberdin baten aurrean gaudela esateak errazegia dirudi», azaldu du taldeak hedabideetara zabaldu duen oharrean. «Inoiz ixten ez den zirkuluaren arkua marrazten ari garela sentitzen dugu».
Aurrez Nogenen aritutakoa da Negeruela. Hasierako urteetan aritu zen zehazki, 2016 eta 2018 urteen artean, abeslari orduan ere. «Bidaia honetan aurrera egiteko, Lys eta Liv Til Dodenen gurekin bidea hasi zuen Ane aurkitu eta berriro elkarrekin musika egiteko zortea dugu». Hori dela eta, bidean aurrera egin arren, hastapenetara itzuli eta elkartu ziren lekuetara itzultzeko aukera izan dutela nabarmendu du taldeak.
Etapa berria hasteko, kantu batzuk zuzenean eta formatu akustikoan grabatu ditu taldeak, eta bideo bidez argitaratuko ditu datozen egunetan. Lehenengoa, Keari kantua, Donostiako Ponsol dendan grabatu dute.