Denboraren makinak irekiko du bihar Korosti taldearen dantza agenda
Gabonetarako prestatuta zuten ikuskizuna eskainiko dute Urbeltz pilotalekuan. Bi urteko etenaren ondoren, ohiko hitzorduak izango ditu. Dantzari Txiki Eguna, ekainaren 5ean
Korosti dantza taldearen Denboraren makina prest dago bihar Urbeltz pilotalekua hartzeko. Gabonetako urteroko jaialdia bertan behera utzi behar izan zuten iaz, baina pandemiak baimendu duenean, dantzariek hartu dituzte berriz ere dantzarako jantziak eta osagarriak, eta oholtzara ateratzeko gertu eta gogo handiz daude.
Bihar da hitzordua, Urbeltz pilotalekuan, 19:00etan, eta ateak 18:30ean irekiko dituzte. Sarrera doakoa da, baina aurretik hartu behar dira, gaur, 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara Kultur Etxean.
Bi urte eta gero
Oso esanguratsua da biharko jaialdia Korostiko dantzarientzat. Dantza taldeak ezin izan du ohiko egitaraua bete 2020eko martxotik. Egitarau horretan zegoen jasota urte hartako Gabonetako jaialdia, oso berezia izan behar zuena, 30 urte betetzen zituelako taldeak. Denboraren makina -rako «ordurako diseinaturik genuen jaialdia hartu dugu oinarri, nahiz eta aldaketa batzuk egin ditugun», azaldu du taldeko Amaia Aizpuruak.
Moldatutako ikuskizuna iazko Gabonetarako zuten prestatuta, baina hura ere ez zen aurrera atera. Hain zuen, izenburua hortik dator: «Jaialdiak izandako bilakaera dantzen bidez esplikatzea du oinarri. Dantza klasikogoetatik modernogoetara egingo dugu ibilbidea».
Jaialdi «kuttuna»
Aizpuruak gogoratzen duenez, «iazko Gabonak iristear zeudela zaila izan zen jaialdia egingo ez genuela erabakitzea». Jaialdi hori «ospakizun kuttuna» da taldearentzat, eta une hartako egoerak atzeratzea ekarri zuen, ezin zelako ziurtatu «taldekideek, familiak eta legazpiarrek orokorrean jaialdiaz disfrutatzerik» izango ote zuten. Aurten, urtarril bukaeran osasun egoera hobetzen ari zela ikusita, «data berria jartzera animatu ginen».
Eta data berria iritsi da, biharkoa, gutxi gora behera 90 pertsona mugitu eta gero. Horiek izango dira partaideak, 4 urtetik hasi eta 45 bitarterainokoak.
Taldean «oso animaturik» daudela aitortu du, «azken bi urte zail hauen ondoren oso ongi etorri zaigu emanaldi hau prestatzearen aitzakia». Entsaioak korapilatsuak izan dira, «edukiera murrizketak zirela, positiboak zirela…». Baina «lan txukuna eskainiko dugulakoan gaude».
Ohiko agenda
Hemendik aurrera, «ohiko agenda» berreskuratzea da taldearen asmoa, eta 2022rako emanaldi ugari aurreikusten dituzte.
Ekainaren 5a izango da hurrengo hitzordua, Legazpiko Dantzari Txiki egunarekin. Formatua aldatuta etorriko da festa, eta goizez bakarrik ospatuko da. Ekainean ere, baina 11n, Hegialdeko jaietara kanpoko talde bat gonbidatuko dute, ohi bezala.
Uda ondoren, Agorreko Santikutzetan, beste talde bat ekarriko dute, Bartzelonatik. Urriaren 8an, berriz, Korrontzi taldeak Legazpin egingo duen kontzertuan dantzatuko dute, eta amaitzeko, abenduaren 29an egingo dute Gabonetako jaialdia.
Legazpitik kanpo ere izango dituzte emanaldiak, helduen taldea Bartzelonara joango da, adibidez. Haurrak, berriz, Oñatira, Zumarragara eta Urretxura joango dira dantzatzera. «Eta oraindik ere agenda betetzen ari gara».